Autoridad Portuaria de Pasaia

07/06/2017 | News release | Distributed by Public on 07/28/2017 06:18

Pasaiako Portu Agintaritzak Lezo-Errenteriako ADIF-en geltokia Handitzeko Hitzarmena sinatu du

Bartzelonako SIL azoka logistikoan sinatu da, Sustapen Ministroa, eta Estatuko Portuak eta ADIFen Lehendakariak bertan zeudela

Interes orokorreko portuen Lehorreko Irisgarritasunerako Funtsaren esparruan, Portu Agintaritzak, Estatuko Portuak eta ADIFek gaur Bartzelonan lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Portu-sistemak ADIFen Lezo-Errenteria geltokian egin behar diren obrak finantzatuko ditu, 550 metroko luzera arteko trenekin lan egin ahal izateko, Pasaiako portua abiapuntu edo helmuga izanik.

Obra hauen proiektua idazketa fasean dago eta behin-behinean 3 milioi eurotan baloratu dira. Horiei esker, portutik atera edo portura datozen merkantzia-trenen luzera ADIFen sareak onartzen duen luzeena izango da.

Hobekuntza 2018an zehar operatibo egotea espero da, eta berehala esportaziorako automobilen konboietan aplikatuko da. Horrela, 17 bagoi izan beharrean, 20 bagoi izango dituzte, eta ondorioz, efizientzia eta lehiakortasuna hobetuko dira.

Neurri honekin eta azterketa fasean dauden beste batzuekin, Pasaiako Portu Agintaritzak bere trenbide-loturak hobetzen ditu. Tradizioz bere indarguneetako bat izan dira, eta oraingoan etorkizunerako apustua egiten da, intermodalitate eta jasangarritasunari begira.