Autoridad Portuaria de Pasaia

05/20/2022 | News release | Distributed by Public on 05/20/2022 07:08

Portu Agintaritzak lonjako plaza entregatu dio Pasaiari

  • Gaur amaitu da herriko plaza berriaren 2. fasea. Plaza hori portuko arrantza-lonjaren ondoan dago, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin finantzatu da.
  • Inaugurazio ekitaldian egon dira: Joakin Telleria, Pasaiako Portuko Agintaritzako Lehendakaria; David Candelario, Pasaiako Portuko Agintaritzako Zuzendaria; Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Rafaela Romero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Diputatua; Izaskun Gómez, Pasaiako Alkatea; Loreto Osa, Hirigintza Zinegotzia; eta Ricardo Ugarte de Zubiarrain, "Vela Homenaje a Blas de Lezo" eskulturaren egilea.
  • Plaza eraikitzeko lanak 1,95 milioi eurokoak izan dira (% 77 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu eta % 23 Portu Agintaritzak).

Pasaiako Portu Agintaritzak, foru- eta udal-agintariekin batera, lonjaren eraikinaren alboan dagoen plaza berria inauguratu du gaur, maiatzak 20 ostirala. Pasaiako herritar eta bisitari guztiei zabalduko zaie gune hau, topaleku eta gozaleku izateko.

Gaur goizean, inaugurazio ekitaldian egon dira: Joakin Tellería, Pasaiako Portuko Agintaritzako Lehendakaria; David Candelario, Pasaiako Portuko Agintaritzako Zuzendaria; Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Rafaela Romero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Diputatua; Izaskun Gómez, Pasaiako Alkatea; Loreto Osa, Hirigintza Zinegotzia; eta Ricardo Ugarte de Zubiarrain, "Vela Homenaje a Blas de Lezo" eskulturaren egilea.

Ekitaldi horretan, orain arte portukoa izan den eta, beraz, Pasaiako udalerrirako sarbide mugatua izan duen, espazio bat entregatu dela adierazi nahi izan da, herritarrek erabat gozatu ahal izan dezaten. Laster, hitzarmen bat egingo da Portu Agintaritzaren eta Pasaiako Udalaren artean, espazioaren kudeaketa udalarena izan dadin.

Plazako obrak bi fasetan egin dira. Lehenengoak 2 urte iraun zuen, 2019tik 2021era, eta bigarrena 2021eko irailean hasi zen eta gaur amaitutzat eman da. Guztira, plaza eraikitzeko obraren aurrekontua 1,95 milioi eurokoa izan da (% 77 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, eta % 23 Portu Agintaritzak).

3.000 m2

Jarduera horri esker, Pasaiak 1.000 m2 berri izango ditu gaurtik aurrera, 2021ean irekitako 2.000m2 horiei erantsita, erabilera publikorako 3.000m2-ko plaza bat osatuko dute, 20 m-ko zabalerako harmaila handi batekin amaitua, hainbat ekitaldi kultural edo sozial egiteko aukera ematen duena. Gainera, lonjaren estalkiaren obrak amaitu ondoren, harmaila horretatik estalkira igotzeko bidea izango da. Hobekuntza argia, hiriaren ikuspegitik, Pasaiako Itsas Jaialdian lehen ekarpen handia izango duena maiatzaren 26tik 29ra.

"Pasaian potentzial handiko espazio publiko berri bat ireki da, kalitate handiko materialekin egin dena eta inguruneari itxura erakargarria ematen dion diseinua duena", Joakin Telleriak, Pasaiako Portu Agintaritzako Lehendakariak, nabarmendu duenez.

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak balioetsi du Diputazioa, Pasaiako Portu Agintaritza eta Udala egiten ari diren lankidetza estua, badiaren biziberritzearen aldeko urratsak ematen jarraitzeko asmo sendoarekin. "San Pedro barrutian espazio hori irekitzea beste urrats bat da inguruko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko, eta hainbat proiektu garrantzitsu batuko zaizkio, hala nola Adinberri zahartze osasungarrirako zentroaren eraikuntza, San Pedroko lonjaren estalkia eta Herrerako pabiloien egokitzapena". Datozen bost urteetan, Aldundiak 64,5 milioi inbertituko ditu hiru proiektu horiek gauzatu ahal izateko.

Bestalde, Izaskun Gómez Pasaiako Alkateak nabarmendu du "modernizatzea, azpiegiturak garatzea eta hiri-espazio berriak sortzea dela garapena, aberastasuna eta enplegua bizi-kalitatearekin uztartzeko oinarria. Horixe da Pasaia biziberritzearen benetako esanahia, erakundeen arteko lankidetzarekin egiten ari dena, hainbat azpiegitura abian jartzeko, hala nola, topoaren lurperatzea, Adinberri edo Luzuriagako bulegoetan kokatuko den kultura- eta gizarte-zentro berria. Pasaitarrei ongizatea eta etorkizunerako aukerak ematea helburu duen biziberritzeari giza aurpegia jartzen dioten eta mugarri izango diren ekipamenduak."