Results

Diputación Foral de Gipuzkoa

04/06/2017 | Press release | Distributed by Public on 04/06/2017 06:24

Gipuzkoako foru Ogasunak 214 milioi azaleratu zituen 2016an iruzurraren aurkako jarduketan

Ogasuna eta Finantzak

Aurreikuspenekin lerrokatu dira emaitzak, baina aurreko urteen azpitik, amaitu baitira Enpresak Sustatzeko Sozietateetako espediente handiak

Gipuzkoako foru Ogasunak 214,4 milioi euro azaleratu zituen 2016an zerga iruzurraren aurkako jarduketaren arloan. Amaierako balantzea foru erakundeak urte hasieran egin zituen aurreikuspenetatik oso gertu okatzen da eta, hori dela eta, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak adierazi du 'esperotako emaitzak' direla. Azken urteetakoa baina txikiagoa da kopurua, foru arduradunak azaldu duenez, 'Enpresak Sustatzeko Sozietateetako (ESS, erdarazko SPE siglekin ezaguna) espediente handiak amaitu direlako, aurreko urteetan zenbatuta baitaude jada'.

Larrañaga gaur agertu da Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean, foru erakundeak pasa den urtean zerga iruzurraren arloan egindako lanaren emaitzak plazaratzeko. Aipatutako 214,4 milioiko zifra honela banatu du Larrañagak: 49,2 milioi euro PFEZ eta Aberastasuna eta Fortuna Handien Zergan (%22,9), 77 milioi Sozietateen gaineko Zergan (%35,9), beste 68,5 milioi euro BEZean (%31,5) eta azken 19,7 miloi euroak beste zergetan (%9,2). Ogasuneko diputatua apiril amaieran agertuko da berriro foro berean aurtengo egitasmoen berri emateko.

ZERGA

Zenbatekoa

Ehunekoa

PFEZ/Aberastasuna

49,2

22,9

Sozietateak

77,0

35,9

BEZ

68,5

31,9

Beste zergak

19,7

9,2

GUZTIRA

214,4

100,0

Gaurko agerraldian, foru diputatuak azaldu du 2016an beherakada nabarmena dagoela aurreko urteekin alderatuta, gehienbat 'Enpresak Sustatzeko Sozietateei dagozkien espediente oso gutxi geratzen direlako'. '2016ko datuak esperotakoak dira: 60.210 likidazio aurreikusi genituen, eta 61.491 egin ditugu; 236,6 milioi euro azaleratzea espero genuen, eta 214,4 izan dira', zehaztu du. Gainera, erlatibizatu egin du aurreko urteetako zerga iruzurraren aurkako jarduketan azaleratutako zorraren kopuruak, kasu gehienetan bi o edo hiru espediente zehatzek azaltzen baitute gorakada. 'Enpresak Sustatzeko Sozietateen fasea ia itxita dugu, eta orain normaltasunera itzultzea tokatzen zaigu', adierazi du.

Zentzu honetan, eta testuinguru berrira egokitzeko, azaldu du foru diputatuak Ogasunak pasa den urtean aldaketa kualitatiboa ematen saiatu dela iruzurraren aurkako jarduketan. 'Orain arte ahaleginak oso esparru zehatzetan zeuden ardaztuta, eta gure jarduera eremuak hedatzen saiatu gara', nabarmendu du. Helburu, Larrañagaren esanetan, 'ahalik eta fronte guztietara iristea da'. 'Iruzur egiten duenak, doan tokitik doala, oso argi izan behar adi egongo garela', azpimarratu du.

Adibide gisa, aitortu gabeko alokairuko etxebizitzen kasua jarri du, adieraziz departamentuak lan sakona egin zuela alor honetan 2016an. 'Lan horren ondorioz, egunotan hasi gara eskuratu dugun informazioaren arabera egoera honetan dauden zergadunei gutunak bidaltzen, gogoratuz alokairu hauen bitartez lortu dituzten etekinak 2016ko Errenta kanpainan aitortu behar dituztela', zehaztu du. 'Arreta handia jartzen ari gara mota honetako lan eremuetan baina, esaterako, honek ez du islarik gaur hemen aurkezten ari garen datuetan. Hala ere, nik uste bere eraginkortasuna ezin dela inolaz ere zalantzan jarri', nabarmendu du foru diputatuak.

Azkenik, foru erakundearen baliabideetan ere jarri du arreta. Gogoratu duenez, pasa den urtean iragarri zuen foru Ogasunak 45 lagunekin indartuko zuela zerga iruzurraren aurkako jarduketa, eta azaldu du jadanik 26 pertsona gehitu direla lan taldera. 'Epe motzera bakarrik egitera bideratutako makina erreformatze lanetan ari gara, epe ertaina eta batez ere epe luzerako ekimen eta estrategiak landuz', esan du. Testuinguru honetan kokatu ditu baita ere arlo teknologikoan Ogasuna egiten ari den inbertsioak, 'biharko eraginkortasuna bermatuko digutenak'.