Real Sociedad de Futbol SAD

07/18/2018 | News release | Distributed by Public on 07/18/2018 04:56

Bihar denda berrian ikusiko dugu elkar!

Nobedade handiko urte honetan, Realak beste topagune bat estreinatuko du familia realzalearentzat. Datorren ostegunean, uztailak 19, denda berria inauguratuko du Elkano kalea, Donostiaren erdi-erdian, duela hilabete gutxira arte lehengo denda txuri-urdina zegoen lekuan. Establezimendu berriaren ateak 17:00etan zabalduko dira jendearentzat. Arratsalde hori gure jendearengatik eta jendearentzat izango da, eta gizonezkoetan eta emakumezkoen taldeetako izarrak ere bertaratuko dira. Ekitaldi bat ekitaldiaren barruan biziko dugu.

Kokaleku berean egon arren, Realaren denda berria goitik behera aldatu da. Lekua handiagoa da, 130 metro karratutik 250 metro karratu izatera igaro da, behe solairu bat eraiki da eta erosketaren esperientzia hobetzen duten zerbitzu eta elementu teknologiko batzuk jarri zaizkio. Gainera, modernizazioaren aldeko apustu hau Macron marka berria sartu den unean bertan gertatu da; hori horrela, lokal berrian marka berria ikusi ahal izango dugu jada.

Hitz batean, denda txuri urdin berriak nortasun berezia transmitituko du eta ikuspegi multifuntzionala ere edukiko du, kontzepturik modernoetara etengabe egokituta eta gure zaleekin eguneroko arretaz aparte beste ekintza batzuk ere antolatzeko gaitasunarekin. Ehun urtetik gora duen gure klubaren etorkizunak, orainak eta, nola ez, historia osoak ere lekua edukiko dute lokalaren hormen artean.

Baina ez dizugu xehetasun gehiago eman nahi osteguneko inaugurazioaren gainean. Zuk zeuk ikustea eta zuk zeuk disfrutatzea gustatuko litzaiguke. Gainera, sorpresa bat baino gehiago dugu zuretzat. Etorri ostegunean eta ikusi zer prestatu dugun zuretzat, zure idoloen ondoan. Arratsaldeko bostetatik aurrera ikusiko dugu elkar. Zure zain egongo gara, besoak zabalik!

Jokalariak inaugurazioan

Dendaren eta kamisetaren estreinaldian ezin dira falta klubaren protagonista nagusiak. Arratsalde honetan zehar, Realeko mutilen eta nesken taldeko hainbat jokalari agertzen joango dira, entrenatzailea barne, hurbiltzen zaizkien eskaerei arreta emateko. Bisita-ordena ondorengoa izango da:

• 17:00etatik 17:30ak arte: Illarra, Oyarzabal eta Sandra Ramajo.

• 17:30etatik 18:00ak arte: Asier Garitano, Agirretxe eta Nahikari García.

• 18:00etatik 18:30ak arte: Zurutuza, Moyá eta Leire Baños

• 18:30etatik 19:00ak arte: Willian José, Zubeldia eta Mariasun Quiñones.

• 19:00etatik 19:30ak arte: Merino, Zaldua eta Cristina Pizarro.

• 19:30etatik 20:00ak arte: Juanmi, Aritz eta Ane Etxezarreta.

Anoetako denda, itxita

Elkano kalean irekiko dugun denda dela eta, Anoetako denda itxita egongo da bihar. Hurrengo ostiralean, uztailaren 20ean, betiko ordutegian irekiko da, 10:00etatik - 20:00etara, Macron-en bilduma berriarekin. Bestalde, Arcco Amaran daukagun lokalak, bazkide-birkokapena egin den tokia, bere ordutegia mantentzen du 9:00etatik - 21:00etara.

  • Aipatutako ekitaldian, Real Sociedad de Futbolek irudiak hartuko ditu, eta irudi horiek web gunean edo sare sozialetan argitaratu ahal izango dira ekitaldiaren beraren sustapenerako. Irudi batzuetan zu edo zure ardurapean dagoen adingaberen bat agertzen bada eta irudi horiek argitaratzea nahi ez baduzu, jakinarazi iezaguzu, mesedez, [email protected] posta elektroniko helbidera idatziz, eta berehala kenduko ditugu irudi horiek.