Heineken Jazzaldia

07/24/2017 | News release | Distributed by Public on 07/24/2017 06:37

Saxo borroka Trinin

[Attachment]

Borrokatan beti izaten da garaile bat eta galtzaile bat, baina atzo Trinitate Plazan izandako lehian ez zen halakorik izan. Biek irabazi zuten: Donny MacCaslin-ek eta Kamasi Washington-ek. Bakoitzak, eskola ezberdinetakoak izaki, bere estiloari eutsi zion. Biak ala biak jazzaren oraina eta etorkizuna dira. Biek bizi dute musika intentsitate eta pasio handiz. Biek gogotsu egiten dute putz, baina agian Kamasiren soinua sakonagoa da. Publikoak bien alde egin zuen, erabat asebeteta; ez zuten ama eta aitaren artean aukeratu nahi izan. Erabaki zuzena hartu zuten, dudarik ez. Fernando Trueba zinema zuzendari eta jazz ekoizleak (2004ko Donostiako Jazzaldia Saria) ere ez zuen norgehiagoka galdu nahi izan.

Kendrick Lamar musika beltzaren egungo profetaren eskolakoa da Kamasi. Robert Glasper bezalaxe. Experiment taldearen buru, isiltasunaren kontrako gerra aldarrikatu zuen Glasperrek eta mugaraino eraman zituen entzuleak, mendean hartuta. Soinu erauntsi basatia izan zen.

Guztiz kontrakoa izan zen Atmosphères taldearen proposamena: isiltasunarekin eta soinu sotilekin xarmatu zuen entzuleria. Tigran Hamasyan piano-jotzaile armeniarra ederki konpontzen da jazz nordikoaren hiru mosketariekin (Henriksen, Aarset, Bang) eta soinu paisaia eder eta lasaigarria sortzen dute.

Agertoki Berdean parranda lehertu zen. Musikari izugarriak zirela bagenekien, baina ez halako martxa zutenik. Haizezko musika-tresnak jotzen dituzten boskotea da Lucky Chops. Hirukote erritmikoaren inolako beharrik gabe, Soul Rebels eta Dirty Dozen talde bakanen proposamena erabat gainditu dutenak. Fantastic Negrito blues kantari ikaragarria da. Musikaren munduan berandu hasi bazen ere, etengabe ari da goraka. Eta entzuleak horren jakitun dira, liluratuta utzi baitzituen. Nola bestela halako emanaldi zirragarria eskainita?

Erne Elena Setién-ekin. San Telmo Museoko patioa bere egin zuen, Mikel Azpiroz teklistaren laguntzaz. Bertaratu zituenak seduzitu zituen eta seguru pista jarraituko diotela: asko du-eta oraindik emateko.

Share the post 'Saxo borroka Trinin'