Diputación Foral de Gipuzkoa

03/13/2017 | Press release | Distributed by Public on 03/13/2017 09:59

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %12,8 hazi da otsaila arte, aurreko urtearekin alderatuta

Ogasuna eta Finantzak

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2016an baino 65 milioi euro gehiago batu ditu

Zerga bilketa metatua %12,8 hazi da Gipuzkoan otsaila arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2016ean baino 65 milioi euro gehiago batu dira. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), Sozietateen gaineko Zergan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) jazotako gorakadek. Itzulketen alorrean, berriz, murriztu egin dira Sozietateak eta BEZ zergei dagozkionak.

Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen irakurketa baikorra egin du, baina gogoratu du urte sasoi honetako zerga-bilketa osoaren %12 eta %15 artean bakarrik izan ohi dela. 'Nabarmentzekoa da gure zerga nagusienetan izandako hobekuntza, baina oraindik goiz da ondorioak ateratzen hasteko. Egun arte ditugun datuak ez dira esanguratsuak eta, logikaz, hazkundea ez da maila honetan mantenduko. Hori dela eta, arretaz erreparatuko diogu datozen hilabeteetan aldagai ezberdinen bilakaerari', azaldu du.

Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 11,7 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%4,2). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 3,3 milioi euro gehiago bildu baitira. Aldiz, bilakaera negatiboa jazo da kapital higikorren etekinen atalean, 1,3 milioi gutxiago batuz. Hala ere, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 12,9 milioi gehiago batu dira eta (+%4,1).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 29,1 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 6,5 milioi euro hazi dira, eta itzulketak 22,6 milioi eurotan gutxitu dira. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %11,3 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 20,9 milioi euro gehiago: 9,6 milioitan hazi dira sarrerak (+%3,6) eta itzulketak 11,3 milioitan murriztu (-%13,5).