Autoridad Portuaria de Pasaia

11/04/2022 | News release | Distributed by Public on 11/04/2022 04:57

Pasaiako Portua, ibilgailuen trafikoaren estatuko polean

- ANFACek, Automobil eta Kamioi Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak, portuaren proaktibitatea eta bezeroarekiko harremana azpimarratu ditu aste honetan argitaratutako 2021eko urteko txostenean.

- 2020ko datuekin alderatuta, hobekuntza izan duten beste adierazle batzuk aduana-izapideak, errepideko sarbidea edo gordailu-eremuen esleipena izan dira.

Pasaiako portua ibilgailuen trafikoari dagokion itsas eta portu garraioari buruz ANFAC Automobil eta Kamioi Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak egindako azken rankingeko lehen postuan dago. Horrela, liderra da Tarragonako Portuarekin batera, 5etik 4,4ko puntuazio orokorra lortu baitu.

Adierazleak prestatu dira ibilgailuen itsas garraiorako portu-zerbitzu lehiakor bat eratzeko alderdi garrantzitsuenei buruzko galdetegi batean oinarrituta, eta ANFACekin lotutako sektoreko enpresek erantzun dute, 2021ean jasotako zerbitzuari dagokionez.

Covid-19aren pandemiak eragindako egoerak markatutako aldia da. Ibilgailuen ekoizpenaren kasuan, mikrotxipen krisia izan zen ekoizpen-ahalmenaren faktore mugatzaile nagusia, eta garraiatu beharreko bolumenak urtean zehar oso aldakorrak izatea eragin zuen, portuen aldetik aparteko malgutasuna eskatuz.

Egoera horien aurrean, Pasaiako portuak aurreko txostenarekiko balorazioa (2020an argitaratu zen) hobetu du, automobilen sektorerako garrantzi handiko alderdietan hobetuz. Zehatzago esanda, hobeto baloratu dira portuaren proaktibitatea eta bezeroarekiko harremana, aduana-izapideak, errepideko sarbidea, gordailu-eremuen esleipena edo ibilgailuei buruzko beste gorabehera batzuk.

Fabrikatzaileen gogobetetasuna

Portuaren proaktibitateak eta bezeroarekiko harremanak 5etik 4,6ko balorazioa lortu dute, fabrikatzaileek portuarekin duten gogobetetasun orokorra erakusten duen adierazlea.

Aduana-izapideak zerrenda berdean kokatzen dira, 4,1eko balorazioarekin; bertan, BREXIT-aren ondoriozko konplikazioak konpontzeko egokitzapen arina nabarmentzen da.

Porturako sarbideek, errepidez zein trenbidez, oso puntuazio ona lortu dute. Oraingo honetan, errepide bidezko sarbidea nabarmenagoa da, 4,8 punturekin. Bertan, fabrikatzaileek autobietatik portura iristeko azkartasuna baloratzen dute, erabilera handiko urte batean.

Aurreikusi gabeko egoeren aurrean espazioak erabilgarri egoteak eta ohikoak ez diren ordutegietan irekitzeko aldez aurreko prestasunak gordailu-eremuen esleipen-kategoria gorantz bultzatu dute.

Ibilgailuetan izandako beste gorabehera batzuen kategoria ere hobetu da, 4,5 puntutan kokatuz, zikinkeriarekin eta kutsadurarekin lotutako arazoak murriztu egin direla ikusi baita.

Itsasontzien zamalanetan ibilgailuen manipulazioari dagokionez, murrizketa txiki bat baino ezin da adierazi, baina oso posizio onean jarraitzen du, 4,3 punturekin.

ANFACen txostenak baloratutako gainerako alderdiek 2020. urteko maila bera mantentzen dute, eta bereziki azpimarragarriak dira trenbideko sarbidea (4,2 puntu) eta zerbitzuaren malgutasuna (4,8 puntu).

Pasaiako portuko automobil-terminala NOATUM eta UECC enpresek operatzen dute, ANFACen txostenean lortutako emaitzaren partaide handiak dira, Logirail, Transfesa edo GEFCO bezalako gainerako operadore logistikoekin batera.