Heineken Jazzaldia

06/22/2017 | News release | Distributed by Public on 06/22/2017 05:47

Lau hitzaldi Ella Fitzgerald, Thelonious Monk, Dizzy Gillespie eta John Coltrane hizpide hartuta, haien urteurrenak ospatzeko, San Telmo Museoan (SGAE Fundazioaren Gunea)

52. Heineken Jazzaldiak lau kontzertu eta lau hitzaldi programatu ditu Ella Fitzgerald, Thelonious Monk eta Dizzy Gillespieren jaiotzaren mendeurrena eta John Coltraneren heriotzaren 50. urteurrena gogora ekartzeko.

Lauak izan ziren ezinbesteko izarrak jazzaren historian, arrakasta itzela izan zuten eta haien eragina erabakigarria izan zen ondorengo belaunaldientzat.

Kontzertuak uztailaren 21, 22, 24 eta 25ean izango dira San Telmo Museoa - SGAE Fundazioaren Gunean, eguerdiko 12:30ean. Sarrerak agortuta daude jada lau emanaldietarako.

Hitzaldiak, berriz, 11:30ean izango dira, San Telmo Museoko ekitaldi-aretoan, eta 40 minutu inguruko iraupena izango dute. Sarrera doan izango da aretoa betetzen den arte.

Hizlaria Patri Goialde izango da, Jazz Musikaren Historiako irakaslea Musikenen (Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia). Gainera, musika ikastegi prestigiotsu horretako zuzendari izan zen hiru urtez (2012-2015). Berak zuzentzen ditu, era berean, ikasleen Gradu Amaierako lanak. Bere irakasle eginbideez aparte, Goialde jazzeko euskal formazio askotako partaide izan da.

Osagarri modura, jazzeko beste aditu batek -Iñigo Ortega- prestatutako Ella Fitzgerald, Thelonious Monk, Dizzy Gillespie eta John Coltraneren bideo-sekuentzia bat eskainiko da, zeina San Telmo Museoaren sarreran ikusi ahalko baita Jazzaldiak irauten duen egunetan.

Esperientzia luzeko musikariz -horietako asko Musikeneko irakasleak- eratutako taldeek hartuko dute parte kontzertuetan, prestigio handiko artistak aitzindari dituztela.

Uztailaren 21ean, Deborah Carter abeslari handiak zuzendutako boskote batek Ella Fitzgerald omenduko du.

Uztailaren 22an, Iñaki Salvador donostiar pianistak sorberrituko du, laukote baten buruan, Thelonious Monk-en obra.

Uztailaren 24an, Chris Kase tronpetariak, seikote batek laguntzen diola, Dizzy Gillespieren piezak interpretatuko ditu.

Uztailaren 25ean, Mikel Anduezaren zazpikoteak emango dio amaiera ziklo interesgarri honi, John Coltraneren musika oinarri hartuta.

Share the post 'Lau hitzaldi Ella Fitzgerald, Thelonious Monk, Dizzy Gillespie eta John Coltrane hizpide hartuta, haien urteurrenak ospatzeko, San Telmo Museoan (SGAE Fundazioaren Gunea)'