Heineken Jazzaldia

10/18/2018 | News release | Distributed by Public on 10/18/2018 04:15

54. HEINEKEN JAZZALDIAK EUSKAL JAZZAREN ALDEKO APUSTUA BERRETSIKO DU

  • Berriz ere hautaketa prozesuan gailentzen diren tokiko hamar talde eta azken urtean diskoa plazaratutako beste bost sartuko ditu egitarauan
  • Jaialdia 2019ko uztailaren 24tik 28ra egingo da

Heineken Jazzaldiak azken urteotan euskal jazz taldeen alde egindako apustua berretsi du, 2019ko uztailaren 24tik 28ra egingo den jaialdian parte hartzeko hainbat bide eskainita.

Hain zuzen ere, Heineken Jazzaldiko egitarauko 10 kontzertu hautaketa prozesu baten bidez sailkatutako hamar taldek eskainiko dituzte. Aipatutako hautatze-prozesuari sostengu berezia eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Izan ere, prozesu horren bitartez, Heineken Jazzaldiak parte hartzen du Katapulta plataforman, zeinaren xedeak honako hauek diren: Gipuzkoako talentu gazteei bultzada bat ematea musikaren eta arte eszenikoen eremuan, eta gure lurraldeko eszena-aktibitateak dinamizatzea arloko klubei eta erakundeei sostengua emanez.

2018an diskoa plazaratutako beste bost taldek ere jo egingo dute Heineken Jazzaldian.

Horrez gain, jaialdiak euskal musikarien beste proiektuak ere aukeratu ahal izango ditu. Hala egin zuen Inaki Salvador, Michel Portal, Víctor de Diego, Mikel Erentxun, Izaro eta Amateur iazko egitarauan sartuta, baita Niña Coyote eta Chico Tornado 2017koan eta Rural Zombies 2016koan ere.

2018an 34 euskal bakarlari, talde eta DJek parte hartu zuten 53. Heineken Jazzaldiaren agertokietan.

Heineken Jazzaldiak beti egin izan die leku bere programazioan bertako taldeei, aurkezten zitzaizkion proposamenen artean aukeratuz, Iñaki Salvadorren Mikel Laboa oroimenez eta Hasier Oleagaren Cantus Caterva kasu, edota proiektu berriak bultzatuz: Iñaki Salvadorren Zilbor Hestea eta Te doy una canción, Gonzalo Tejadaren Ziklo 1 eta Ziklo 2, edota Bertsoa & Jazza, inprobisazioan oinarritutako bi kultur adierazpen garrantzitsuenak elkarrekin, jazzeko musika inprobisatua eta bertsolarien hitz inprobisatuak. Euskal Herriko eta atzerriko musikarien arteko proiektuak ere sustatu zituen.

Tokiko taldeen hautaketa prozesua

54. Heineken Jazzaldiak tokiko 10 talde sartuko ditu programazioan.

Euskal jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eramateko ekimena 2006an jarri zen abian lehen aldiz, arrakasta handiarekin. Iaz, 50 talde aurkeztu ziren eta horietatik 15ek Donostiako zenbait klubetan jo zuten, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak programan sartuko ziren hamar taldeak hauta zitzan. Ikus-entzule asko bildu ziren eta euskal jazz taldeen maila altua agerian geratu zen.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko, taldeek Jazzaldiaren webgunean (www.heinekenjazzaldia.eus) hautaketa prozesu honetako oinarriekin batera zehazten den materiala (musika grabatua, dokumentazioa…) bidali beharko dute Heineken Jazzaldira, azaroaren 19a baino lehenago.

Jasotzen diren proposamen guztien artean, 54. Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikaren kalitatea eta Jazzaldiaren programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta. Hamabost talde horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute oraindik izendatu gabeko datetan (bat eguneko), 2019ko urtarrilatik apirilera bitartean. Joaldien datak eta lekuak hedabideei jakinaraziko zaizkie interesaturik legokeen entzuleriak joateko modua izan dezan.

Esandako emanaldien ondoren, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak, entzuleen erreakzioa kontuan harturik, azkenean programan sartuko diren hamar taldeak aukeratuko ditu.

Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez du lehiaketa izaerarik izango: prozesuaren xede bakarra 54. Heineken Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeak hautatzea izango da.

2018an diskoa argitaratutako taldeak

2018an CDa argitaratu duten tokiko jazz taldeek 54. Heineken Jazzaldian jotzeko aukera izango dute.

Antolakuntza Batzordeak bost talde hautatuko ditu aurkezten diren diskoen kalitatearen eta horiek duten interesaren arabera, eta horiek izango dira 54. Heineken Jazzaldian parte hartuko dutenak.

2018an diskoa argitaratua izan eta 54. Heineken Jazzaldian parte hartu nahi duten taldeek abenduaren 27a baino lehenago bidali behar dute diskoa jaialdiaren bulegoetara: Erregina Erregentea, 8-5. 20003 Donostia.

Deialdi hau ez da bateraezina tokiko 10 talde aukeratzeko prozesuarekin. Prozesu horretara aurkeztu den edozein taldek du aukera deialdi honetara ere aurkezteko, baldin eta 2018an diskoa atera duela frogatzen badu.

Share the post '54. HEINEKEN JAZZALDIAK EUSKAL JAZZAREN ALDEKO APUSTUA BERRETSIKO DU'