Diputación Foral de Gipuzkoa

04/07/2017 | Press release | Distributed by Public on 04/07/2017 06:07

Galeseko Gobernuak Gipuzkoako foru Ogasunak nola funtzionatzen duen ezagutu du

Ogasuna eta Finantzak

2018tik aurrera zergak kudeatzeko zenbait eskumen izango dituzte galestarrek eta euskal erakundeek nola lan egiten duten ikasten ari dira

Galeseko Gobernuak aurrera bere zerga propioak biltzeko eskumenak izango ditu 2018tik aurrera eta, hori dela eta, erakunde honetako ordezkaritza Euskal Herrian da egunotan, euskal sistemaren nondik norakoak bertatik ezagutzen. Testuinguru honetan, Gipuzkoan izan dira gaur goizean galestarrak, foru Ogasunaren funtzionamenduaren berri izateko. Zerga bilketa eta bide honetatik lortutako baliabideak aurrekontuan nola txertatzen diren ikusteaz gain, Gipuzkoak herritarrei eskaintzen dien arreta zerbitzuetan jarri dute berebiziko interesa. 'Euskal erakundeak nazioarteko ogasunentzat erreferente izateak geurea gehiago balioan jartzen lagundu behar liguke', esan du Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak.

Gipuzkoako Ogasuneko zuzendaritza taldeak, Larrañaga buru, hartu du parte bileran. Galesko ordezkaritza, berriz, Dyfed Alsop, Ogasuneko Ministerioko zuzendariak; Margaret Davies, Aurrekontu Politikako arduradunak; Georgina Haarhoff, Zerga Politika eta Araudiaren arduradunak; Claire McDonald, Programen arduradunak; eta Neil Butt, Inbertsio Estrategikoen arduradunak osatu dute. Galestarrek Errotaburuko herritarrei arretarako bulegoa bertatik ezagutu dute, eta Ogasuneko hainbat teknikari elkarrizketatzeko aukera izan dute. Bi aldeek topaketa 'oso probetxuzkoa' izan dela iritzi diote.

2018ko apiriletik aurrera Galeseko gobernua lehen aldiz bere zerga propioak kudeatzen hasiko da, esaterako, lurzoruaren eskualdatzeen gaineko zerga edota zabor isurketen gainekoa. Etorkizunean errentaren gaineko zergaren esparruan ere eskumenak izatea aurreikusten du. 'Euskal Herriaren kasuak argi uzten du zerga arloko eskumenak izateak zuzenean eragiten duela lurraldearen ongizate mailan. Burujabetasunak abantaila ugari ditu, eta ziur nago galestarrek ere asmatuko dutela hauek aprobetxatzen', adierazi du Larrañagak.