Diputación Foral de Gipuzkoa

04/07/2017 | Press release | Distributed by Public on 04/07/2017 02:40

Goierrik hainbat ekitaldi antolatu du Donostiako Boulevard-ean larunbat honetan bere eskaintza turistiko eta kulturala aurkezteko

Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirola

Goierrik hainbat ekitaldi antolatu du Donostiako Boulevard-ean larunbat honetan bere eskaintza turistiko eta kulturala aurkezteko

'Eskualdeen Txokoa, hamar hilabete, hamar eskualde' ekimenaren barruan, egunotan Goierri eskualdea dago Explore San Sebastian Region turismo bulegoan. Ekimen honen bidez, Gipuzkoako eskualdeek eta herriek eskaintzen dituzten aukera guztien berri eman nahi zaie bai gipuzkoarrei, bereziki donostiarrei, bai eta lurraldea bisitatzen duten turistei ere.

Aberastasun kultural horren denaren lagin bat bihar izango dugu, 10:00etatik 14:00etara, Donostiako Boulevardean. jarduerak eta tailerrak antolatuko dira, familientzat, Boulevardeko kioskoan eta plazan. Gainera euren produktuak dastatzeko aukera emango dute eta jarduera eta tailer hauek daude aurreikusita:

  • Zumalakarregi Museoak jolas polit bat antolatuko du 'Munduari bira 80 egunetan' nobela ospetsuan oinarrituta.
  • Gaztaren Interpretazio Zentroak gazta dastaketa antolatuko du familia osoarentzat.
  • Ordiziako D´Elikatuz zentroak elikadura osasungarriari buruzko tailerra eratuko du.
  • Zeraingo Parke Naturalak bere altxorren berri emango du.
  • Besaingo Igartza Multzo Monumentalak Igartzako jauregiaren maketaren eraikuntza erakutsiko du.
  • Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren interpretazio zentroak '5 zentzumen egurrean' tailerra jarriko du.
  • Aralarreko Parke Naturalaren Interpretazio Zentroak eta Barandiaran Museoak izaki mitologikoak erakutsiko dituzte.

Goierri produktu anitzeko eskualdea da: gastronomia tradizional oparoa du, natura ospetsu bezain mitikoa eta kultura sendo bat, historiak mendetan zehar zizelkatu duena eta bere 11 museo edo interpretazio zentroetan ezagutu daitekeena.

Datozen egunak oso aproposak izango dira Goierrira gerturatzeko. Esate baterako, Segurako herria oso ezaguna dugu, bere herrigune historiko ederragatik ez ezik, Aste Saindua ospatzeko eragatik. Gainera, apirilaren 19an Artzain Eguna ospatzen da Ordizian. Ordizian egiten den azoka bitxi eta berezienetakoa da Artzain Egunekoa. Goizeko 11:00ak aldera 2.000 ardi inguruko artaldeak zeharkatzen du herrigunea eta Udaletxeko batzar aretoan gazta ebakitzen da, Idiazabal gaztaren denboraldiari hasiera ofiziala emanez sukaldari, artzain eta lagun askoren artean.