CAF - Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles SA

07/28/2022 | Press release | Distributed by Public on 07/28/2022 04:12

FCH2RAIL PROIEKTUKO HIDROGENO BIDEZKO TREN ERAKUSLEAK ASTE HONETAN HASI DITU KANPOKO BIDEKO PROBA DINAMIKOAK

2022/07/28

FCH2Rail proiektuko hidrogeno bidez propultsatutako tren erakuslearen bideko proba dinamikoak hasi ditu CAFek aste honetan bertan. Enpresa hauek osatutako partzuergoa ari da aipatutako proiektua garatzen: CAF, DLR, Toyota, Renfe, ADIF, CNH2, IP eta Stemmann-Technik.

Renferen aldirietako egungo unitate bat hartu du oinarritzat proiektu honek. Unitate horretan, elektrizitatea sortzeko sistema berri bat instalatu da, hidrogeno-piletatik eta baterietatik eratorritako energia hibridatuta. Aldi berean, ibilgailuan lehendik zegoen trakzio-sistemarekin integratu da. Hala, hidrogeno-pila duen bimodo ibilgailuaren tren arloko lehen erakusleetako bat izango da; hau da, isurpenik egiten ez duen ibilgailu kontzeptu horrek azpiegitura elektrifikatuan modu elektrikoan zirkulatzeko gaitasuna izango du eta, aldiz, modu hibridoa katenariarik gabeko tarteetan zirkulatu ahal izateko erabiliko luke.

CAFen Zaragozako lantegian egin dituzte trenaren proba estatikoak, arrakastaz. Orain, kanpoko bideko probei hasiera emanda, proiektuarekiko duen konpromisoa erakutsi du partzuergoak. Izan ere, bideko proba dinamikoen fasea garatzeko hasiera batean ezarritako epeak betetzen ari dira.

Proba dinamikoetan zehar, pilen eta baterien hibridazioa optimizatuko dute proiektuan adierazgarritzat definitu diren lineetan. Horietan guztietan, zerbitzu komertziala simulatuko dute. Hortaz, potentzia-eskariaren baldintza sorta zabal batean probatuko dute sistema berria. Proba hauen bitartez, propultsio bimodo hibridoaren soluzio berriak zer lehiakortasun duen ebaluatu nahi da, gaur egun linea askotan erabiltzen den diesel trakzioarekin alderatuta.

Proiektuak 14 milioi euroko aurrekontua du eta hidrogenoaren eta erregai-pilen garapena bultzatzeaz arduratzen den Europako Batzordearen agentziak, Clean Hydrogen Partnership-ek (garai bateko FCH2 JU) emandako 10 milioi euroko finantzaketa jaso du.

Emisiorik gabeko mugikortasun-soluzioen garapenaren arloan CAF Taldeak duen estrategia erakusten du honek, kasu honetan, hidrogenoaren bidez. CAF Taldeak urteak daramatza teknologia hori merkaturatzen, autobusen arloan, Solaris filialaren bidez. Iaz, Europar Batasuneko hidrogeno bidezko ibilgailu mota horien merkatuan liderra izan zen Solaris.

Joan prentsa-oharretara