Real Sociedad de Futbol SAD

06/07/2018 | News release | Distributed by Public on 06/07/2018 05:56

Asier Garitanoren staff teknikoa

Dagoeneko osatu da Asier Garitanok gidatuko duen staff teknikoa. Teknikari txuri-urdin berriak izango duen egitura teknikoko kideak izango dira Ruben De la Barrena, bigarren entrenatzailea, Ion Ansotegi, lan indibidualez arduratuko den teknikaria, eta Iñaki Ulloa, atezainen prestatzailea. Staffean, halaber, egitura osagarri bat egongo da, eta bere kideak izango dira Miguel Perez, prestatzaile fisiko nagusia, David Casamichana, kargako prestatzaile fisikoa, eta Iñigo Almandoz, prestatzaile fisiko indibiduala. Horiez gain, staffean egitura emozional bat egongo da, Imanol Ibarrondo coachak gidatuta, baita analisirako egitura bat ere, oraindik baieztatzeke dagoena.

EGITURA TEKNIKOA

Ruben De la Barrera Coruñakoa da, 33 urte, eta 21 urte baino ez zuela hasi zen prestatzaile lanetan, Galizian eta Gaztela eta Leongo beheko kategorietan, 2013an brontzezko dibisiora iritsi zen arte, CD Guijuelo zuzentzeko. Ondoren, Real Valladoliden filialetik igaro eta gero, orain arte Cultural y Deportiva Leonesa zuzendu du, zeinak 2017an lortu zuen Bigarren Mailara igotzea, eta denboraldi honetan zilarrezko dibisioan gidatu du taldea.

Ion Ansotegi (Berriatua, 1982), Realeko jokalari ohia, 305 partida ofizialetan aritu zen lehen taldean jokatu zuen 11 denboraldietan. Gaur egun, Ansotegi Realeko Organigrama Teknikoko kidea da, eta bere zeregina izan da harrobiko jokalarien prestakuntzaren bigarren etapa koordinatzea, baita ere Sanse, Real C eta Jubenilen Ohorezko Dibisioaren staff teknikoari laguntzea.

Iñaki Ulloa, 38 urteko bilbotarra, Ariketa fisikoaren eta kirolaren zientzietan lizentziatua, Athletic Clubeko beheko kategorietako atezainen prestatzailea izan zen, eta lehen taldeko gorputz teknikoko kidea, Qatarrera bidaiatu aurretik, Aspire proiektuan jarduteko, Akademiako atezainen departamentuko arduradun moduan; halaber, Qatarreko Futbol Federazioko beheko kategorietako atezainen arloko koordinatzailea izan zen.

ANALISIAREN EGITURA

Baieztatzeko zain.

EGITURA PRESTATZAILEA

Miguel Pérez, Sabadellen jaioa, 33 urte, CD Leganeseko lehen taldearen gorputz teknikoan sartu zen Asier Garitano aulkira iritsi zenean, 2013ko udan, eta Bigarren Mailarako igoera bat eta Lehenengo Mailarako beste bat dauzka bere gain.

David Casamichana: kargako prestatzaile fisikoa. Santanderren jaioa, 34 urte, Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatetik. Torrelavegako Gimnasticako eta Santanderreko Racingeko prestatzaile fisikoa izan da, aholkularia F.C.Bartzelonan 17-18 denboraldian, eta Barça Innovation Hubeko aholkularia 2016. urtetik.

Iñigo Almandoz: prestatzaile fisiko indibiduala. Donostian jaioa, 36 urte, Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatetik. Real Unioneko eta Lleidako prestatzaile fisikoa izan da, entrenamendu indibidualera zuzendu den arte, eliteko kirolarientzat.

EGITURA EMOZIONALA

Imanol Ibarrondo: coacha. Bilbon jaioa, 51 urte. Futbolari profesional ohia 10 urtez, Enpresa Zientzietan lizentziatua eta Kirol Erakundeak Kudeatzeko masterra EHUn. 2007az geroztik, coach profesional moduan dihardu, bai norbanakoekin bai taldeekin, kirolaren arloan zein enpresaren arloan.

BATeko (Basque Team) coaching eta lidergo zerbitzua zuzentzen ari da eta 2016tik, Mexikoko selekzioaren staffeko kidea da. Zuzenean lan egin du errugbiko espainiar gizonezkoen selekzioarekin, emakumezkoen belar hockeyko selekzioarekin, eta baita igeriketa sinkronizatuko eta gizonezkoen belar hockeyko selekzioekin ere. Beste hainbat futbol taldeekin ere lan egin du (Celta, Oviedo, Athletic Club, Leganes, Pontevedra, Granada, Almeria…), eta coaching prozesu indibidualetan lagun die dozenaka futbolariri eta diziplina desberdinetako beste kirolari batzuei.