Results

Real Sociedad de Futbol SAD

10/21/2018 | News release | Distributed by Public on 10/21/2018 07:51

Porrota Zubietan

Gure emakumezkoen taldeak gol bakar batengatik galdu du gaur goizean Zubietan Levante UD-ren aurka. Kanpokoak eraginkorragoak izan dira eta hori aprobetxatu dute garaipena eramateko.

Hobeto hasi dute partida kanpokoek eta lehenengo aukera beraiena izan da. Charlynek gertu izan du gola baina baloia desbideratuta joan da kanporuntz Mariasunen aurrean geratu eta gero. Hortik aurrera etxekoak nagusi izan dira. Nahikarik sortu du Realaren lehenengo aukera arriskutsua, baina baloia gutxigatik joan da kanpora. Lehenengo zatiko aukera argiena Manurena izan da eskuin hegaleko jokaldi bati esker, baina Paralutak arriskua urruntzea lortu du. Valentziarrek hobeto amaitu diztuzte lehenengo berrogeita bost minutuak, nahiz eta golik ez sartu.

Levante UD-k aurrera pauso bat eman du aldageletatik igaro ondoren. Epaileak penaltia adierazi du kanpokoen alde eta Charlynek ez du barkatu jokaldi horretan. Gipuzkoarrak berdinketaren bila joan dira hemendik aurrera. Nahikarik gertu izan du baina Paralutak, berriro ere, arriskua urruntzea lortu du. Hurrengo jokaldian, aurrelari txuri-urdinak berdinketa lortu du. Zailena eginda zegoela zirudien, baina guztiz kontrakoa. Amaitzeko ordu laurdena falta zenean Bermudezek bat eta bikoa egin du area kanpoko jaurtiketa zehatz batekin.

Gipuzkoarrak sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute nahiz eta bigarren porrota jarraian jasan. Hurrengo astean Madrid CFF-ren zelaia bisitatuko dute.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Mariasun, Soldevila, Maddi (Etxezarreta, min. 63), N. Mendoza, Iparragirre (Olaizola, min. 80), Itxaso, L. Baños, Cardona (N. Eizagirre, min. 63), Manu, Bautista (Bea, min. 63), Nahikari.

Levante UD: Paraluta, García, López, Bermudez (Marin, min. 93), Gomez (Prim, min. 89), Charlyn, Corredera, Zornoza (Luik, min. 80), Andrés, De Alharilla, Silva (Perez, min. 84).

Golak: 0-1: Charlyn (p.), min. 58; 1-1: Nahikari, min. 69; 1-2: Bermudez, min. 75

Epailea: Cebollada Lopez. Txartel horia erakutsi die etxeko Itxaso eta kanpoko Andresi.