CAF - Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles SA

05/23/2022 | Press release | Distributed by Public on 05/23/2022 03:50

CAF TALDEA AUKERATU DUTE BONN ETA MADRIL HIRIEK LRV IBILGAILUAK ETA AUTOBUS ELEKTRIKOAK HORNITZEKO, HURRENEZ HURREN

2022/05/23

Beste behin, Europako bi hiri garrantzitsuk CAF aukeratu dute bertako hiriko garraio publikoan zerbitzua emango duten ibilgailuak hornitzeko. Alde batetik, Bonn hiriak 22 LRV unitate jasoko ditu Alemaniako merkatuan enpresak lortu duen kontratuaren arabera; eta, bestetik, EMTk (Madrilgo Garraioen Udal Enpresa) bere autobusen flotaren zati bat berrituko du Solarisen 60 unitate elektrikorekin. Bi proiektuen zenbateko osoa 110 milioi euro baino gehiagokoa da.

Beste kontratu bat Alemanian Bonn hirirako LRV unitateak hornitzeko

Stadtwerke Bonn Verkehrs GmbH (SWBV) eta Elektrische Bahnen der Stadt Bonn und des Rhein-Sieg-Kreises GmbH (SSB) enpresek, Bonn hiriko eta inguruetako garraio-zerbitzuen operadoreek, CAF aukeratu dute 22 LRV unitate eta flota horretarako parkeko piezak hornitzeko. Akordioak, gainera, etorkizunean eskaria beste 10 unitatearekin handitzeko aukera biltzen du.

SWB Bus und Bahn eta SSB ibilgailuen flotak Bonneko tren-garraioa kudeatzen dute eta, gainera, hiria gertu dagoen Kolonia hiriarekin lotzen duten hiriarteko linea batzuetan ere zerbitzua eskaintzen dute. CAFen LRV berriek ibilgailuen flota hori sendotuko dute bezeroak aurrez ikusitako maiztasunen eta bidaiarien bolumenean gertatuko den igoerari aurre egiteko.

Zoru altuko eta 28 metroko bi noranzkotako unitateak dira, "Stadtbahnwagen B" izeneko unitateen antzekoak diseinuari eta dimentsioei dagokienez. Azken ibilgailu hori da, hain zuzen ere, Ipar Renania-Westfaliako trenbide-sarean duela hainbat urtetik erabiltzen dutena. Kasu honetan, diseinuari dagokionez antzekotasunak izateaz gain, hiriko garraiorako unitate mota hauetarako segurtasun eta erosotasun arloan punta-puntako aurrerapenekin ekipatuta dauden ibilgailuak dira.

Proiektua Ruhrbahn GmbH operadorearentzako 51 LRV ibilgailuen proiektuari gehitu behar zaio. Ibilgailuak antzekoak dira eta gertu dagoen Essen hirira bideratuko dira. Kontratu hori 2021eko ekainean esleitu zioten CAFi eta horrek guztiak agerian uzten du ibilgailu-modelo horrek izandako arrakasta. Bi kontratuak Ipar Renania-Westfaliako estatu federaturako izango dira. Estatu horrek 18 milioi herritar inguru ditu eta biztanle kopuru handiena duen Alemaniako estatua da. Aldi berean, Alemaniako barne produktu gordinaren % 22 inguruko ekarpena egiten du.

Madrilek zero isurpeneko ibilgailuetan inbertituko du 60 autobus elektriko erosita

EMTk (Madrilgo Garraioen Udal Enpresa) CAF Taldea aukeratu du Urbino 12 motako 60 autobus elektriko hornitzeko. Horixe bera da, hain zuzen ere, fabrikazio-enpresaren modelo adierazgarrienetako bat. Hala, Madrilek mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du isurpenik gabeko ibilgailu isil hauek erosita. Gainera, baldintza orotarako operatibitate handia dute.

Flotaren % 25 elektriko bihurtzea 2025ean, eta 2023tik aurrera diesel-motorra duten autobus gehiago ez erostea dira EMT operadoreak ezarri dituen eta pixkanaka ezartzen ari den asmo handiko helburuetako bi. Horrekin lotuta, duela urte eskas, Solarisek EMTrekin akordioa adostu zuen gas natural bidezko 250 autobus hornitzeko. Ondorioz, eskari berri honek baieztatu egin du Solarisek autobusen flota berritzeko EMTrengan jarritako konfiantza.

Madrilgo operadoreak aukeratu dituen Solaris etxeko ibilgailu elektrikoek azken belaunaldiko baterietatik lortuko dute energia eta horrek hiriburuan zerbitzua eman ahal izateko autonomia eta operatibitate egokia bermatuko du. Autobusek 12 metroko luzera eta 80 bidaiarirentzako tokia izango dute (haietako 25 eserita). Gainera, aire girotuko sistema eragingarria, USB atakak eta bidaiariei informazioa emateko azken belaunaldiko sistema izango dituzte. Ekipamendu horiek guztiek bidaiarien erosotasuna bermatuko dute.

Gaur egun, Solarisen 450 autobus inguru dabiltza Espainiako hirietan. Hala, nabarmendu beharrekoa da ibilgailu horien lautik hiruk duela zero isurpeneko edo isurpen baxuko teknologia. Ez dugu ahaztu behar Solaris dela autobus elektrikoen eta hidrogeno bidezko autobusen merkatuan Europako liderra.

Joan prentsa-oharretara