Autoridad Portuaria de Pasaia

05/04/2017 | News release | Distributed by Public on 05/03/2017 16:43

Pasaiako Portu Agintaritza, euskararekin bat 20.korrikan!

Atzo, apirilak 4, zeharkatu zuen Korrikak Gipuzkoa. Goiz-goizetik Nafarroako Betelu herritik sartu eta Lapurdiraino iritsi ondoren 15:45ak aldera zeharkatu zuen ekitaldiak Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiagoko zubia, Bizkaialdera bidea hartzeko. Pasaiara, 18:30ak aldera iritsi zen. Hemen, 1232. kilometroan Pasaiako Portu Agintaritzako hainbat langile zituen zain etxe honek erosi zuen kilometroaren lekukoa hartzeko.

Lekukoa hartzeko arduraduna Eder Las Heras izan zen baina kilometroan zehar beste hainbat langilek eduki zuten makila hartzeko aukera.

Pasaiako Portu Agintaritzako langileak Korrikako 20.edizioko 1232. kilometroa korritzen

Portuko Agintaritzaren euskararekiko konpromezua:

Pasaiako Portuko Agintaritzak herritarrekin, bezeroekin eta erabiltzaileekin dituen harremanetarako Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan lan egitea bermatzen saiatzen da. Horregatik, Pasaiako Portuko Agintaritzak bere Hizkuntza Politika onetsi zuen 2005ean (gerora berrikusia eta onetsia 2009an eta 2011n). Honen harira, Pasaiako Portuko Agintaritzak Hizkuntza Kudeatzeko Sistema propioa dauka, hizkuntzen erabilera komunikazioan, irudian, kanpo- eta barne-harremanetan arautzen duena eta ondorioz, gure zerbitzuaren kalitatea hobetzeko konpromezua lantzen duena. 2011ean, hizkuntza kudeaketaren arloan eginiko iblilbidea bideo honetan jaso genuen.

Amaierako ospakizun handia:

Iruñeko Sarasate pasealekuan bukatuko du aurtengo KORRIKAk, 2.500 kilometroko ibilbidea egin ondoren eta behin Nafarroako Parlamentuaren aurretik igarota. Reyes Ilintxeta kazetariak aurkeztuta, jai handia programatuta dago 20. KORRIKA honi amaiera emateko. Nahi duenak egitaraua kontsultatu dezake korrikako webgunean (www.korrika.eus).