Real Sociedad de Futbol SAD

11/13/2017 | News release | Distributed by Public on 11/13/2017 09:52

Lankidetza akordioa

Gaur goizean, Realeko lehendakari Jokin Aperribayk Matia Fundazioko Patronatuko lehendakari Mari Carmen Garmendiak hitzarmen lankidetza bat sinatu dute donostiar taldearen instalazioetan, Zubietan.

Hitzarmenak aukera emango du Matia Fundazioaren zentroetan bizi diren pertsonek Erreminiszentzia Tailer delakoetan parte hartu ahal izan dezaten. Jarduera hori narriadura kognitiboa duten adinekoei zuzenduta dago, eta memoria ariketak egiten dituzte, futbolaren ahalmen oroitarazlearen bitartez. Onurak askotarikoak dira, hala nola memoria eta sormena hobetzea, sozializazioa eta autoestimua handitzea eta, jakina, adinekoen eta senideen ongizatea hobetzea. Jarduera dagoeneko garatzen ari dira Rezola zentroan, FEAVFk dinamizatuta (Espainiako Futbolari Beteranoen Elkarteen Federazioa).

Tailerretan disfrutatzeaz gain, hitzarmenaren sinadurak aukera emango die parte hartzaileei talde txuri-urdinari lotutako beste jarduera batzuetan parte hartzeko, esaterako, Realaren Museora eta Anoetako Estadiora bisitak egiteko, edo lehen taldearen entrenamendu batera joateko, Zubietan.

Reala, berriz, MatiaZaleak moduan ezagutuko da. Egitasmo horretan Matia Fundazioaren xedearekin bat egin eta laguntzen duten pertsonak elkartzen dira. 'Pertsonei zahartze prozesuan laguntzea, bere ongizatea hobetzeko, autonomia eta duintasuna sustatzeko ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortuz'.

Matia Fundazioko lehendakari Mari Carmen Garmendiak eta Realeko lehendakari Jokin Aperribayk azpimarratu dutenez, hitzarmena sinatu izana beste pauso bat da bi erakundeak dagoeneko garatzen ari diren lankidetzan, eta bereziki nabarmendu dute hitzarmena garrantzitsua dela indarrak batzeko eta adineko pertsonen eta ezintasuna dutenen bizitza kalitatea hobetzen laguntzeko.

Bi mandatariak zoriontsu agertu ziren hitzarmenaren sinaduran. Mari Carmen Garmendiaren arabera, 'guretzat oso garrantzitsua da Matia Fundazioaren eta Real Sociedad Fundazioaren artean sortutako harremana, gure egoiliarrei eta adinekoei ematen dizkien ilusioagatik, bizitzeko gogoengatik eta laguntzagatik'. Jokin Aperribayk azpimarratu duenez, 'hitzarmenak Realak Gipuzkoan garatu nahi duen eginkizun soziala betetzen du eta aberastu egiten gaitu. Eskerrak ematen dizkiogu Matia Fundazioari lantzen ari garen lankidetza programengatik; horiek Realari bizitzaren balioak erakusten dizkiote, esaterako, adinekoak errespetatzea eta eurekin lankidetzan aritu ahal izatea'.