Heineken Jazzaldia

07/22/2017 | News release | Distributed by Public on 07/22/2017 07:36

Eguzkiak ere ez zuen huts egin nahi izan

[Attachment]

Chrissie Hynde rockeko legenda bat da eta sasoi betean dagoela erakutsi zien atzo Zurriola Hondartzako Agertoki Berdera gogoz bertaratu ziren 37.000 entzuleei. Gitarra hartzen duenean hazi egiten da, izugarri. Zaleek ederki gozatu zuten The Pretenders-en betiko kantuekin eta Alone disko berriko kantuak estimatu zituen. Eta eguzkiak ere ez zuen huts egin nahi izan. Egun osoa ezkutuan ibili eta gero, sekulako ilunabarra oparitu zien zaleei. Heineken Jazzaldian bakarrik kanta liteke Don't Get Me Wrong bola naranja bat zeruertzean dela. Non bestela? Eta musutruk, gainera.

Egia esan, eguzkia lehenxeago atera zen. Coca-Cola Gunean jotzen ari zen Houston Person ikusi nahi zuen. Houston Person, 83 urtez saxofoiari emandako urrezko jazz musikaria. Zaila da azaltzea 'zer' duten berezi bera moduko beteranoek, baina argi dago Personen saxoaren soinua 'desberdina' dela. Agian 75 disko grabatu izanaren eskarmentuari zor zaio. Agian. Dena dela, plazer hutsa da bera entzutea.

Adin berekoa da Wayne Shorter. Eta hark ere 'zera' deskribaezin du hori. Saxofoi tenorrarekin ileak lazten baditu, sopranoarekin aho bete hortz uzten ditu entzuleak. Jazzaren azken 50 urteetako ezinbesteko musikaria hiru gazte talentudunez lagunduta igo zen Kursaal Auditorioko kontzertura: Danilo Pérez, John Patitucci eta Brian Blade. Jazz jaialdi batentzako ohorea da halako emankizun dotore eta bakanak egitarauan izatea.

Bitartean Jazz Band Ballen festa eta musika lehertu zen, Kursaaleko Terrazetan. Gabacho Maroc-ek jazza eta doinu marrokiarrak nahasten ditu eta uztarketa horrekin beti harrapatzen ditu entzuleak. Ray Gelatok ere jendearekin konektatzeko dohain paregabea du, baita hori lortzeko formula magikoa: swinga. Swingak, ona denean, dantzan jartzen ditu gorputzak. Eta Relatok hori lortzen du beti, horrexegatik deitzen diote 'swingaren errege'.

Rajab Suleiman & Kitharak ere entzuleriaren arreta bereganatu zuen. Zanzibarko taarab musikar aurkeztu zuen: arabiar musika sentsualaren eta erritmo afrikarren nahasketa. Heineken Terrazan zeudenek sorpresa hartu zuten musika ezezagun baina aberats horrekin.
Uri Caine beste gauza bat da: jazz intelektualagoa, pentsatuagoa, landuagoa. Proposamen 'zailagoa' izan liteke batzuentzat, baina askori interesgarria iruditzen zaie. Horren erakusle da Frigo Gunera 2.500 pertsona gerturatu izana, nahiz eta gaua aurrera zihoan. Adi-adi egon ziren, Clarence Penn eta Mark Helias bezalako ezkutariak lagun izan zituen trioaz gozatuz.

Jazz Band Balla bukatzeko Sir The Baptist-en kontzertu sutsua izan zen Agertoki Berdean. Predikatzaile bat da eta ez du ezkutatzen. Soularekin predikatzen du, raparekin, buru-belarri. Publikoak eskertzen du entrega hori.

Hala ere, jazza lehenago hasi zen Donostian, goizean zehazki. Deborah Carter bokalista harrigarria da eta, boskote eraginkor batek lagunduta, Ella Fitzgerald-en obra gogorarazi zuen. Aurten 100 urte betetzen dira Jazzaren Dama Handia jaio zela.

Share the post 'Eguzkiak ere ez zuen huts egin nahi izan'