Diputación Foral de Gipuzkoa

04/07/2017 | Press release | Distributed by Public on 04/07/2017 06:07

Ingurumeneko Departamentuak Upcycling ekimena jarri du abian oihal-hondarrak jantzi berri bihurtzeko

Ingurumena eta Obra Hidraulikoak

Lehiaketa antolatu da Garberako topaguneko langileen jantzi berriak diseinatzeko, Garberako arropa-edukiontzian jarritako materialetik abiatuta. Lehiaketan AEG zentroko diseinu alorreko ikasleek parte hartuko dute, eta lan horren emaitza ikusi ahal izango da datorren azaroan, Hondakinen Prebentzio Astearen barruan egingo den Moda Desfilean.

Asensio: 'Kontzeptu aldaketa bat da eta, ondorioz, produktu baten bizitza amaierak aukera ematen du beste produktu bat fabrikatzeko

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak UPCYCLING ekimena aurkeztu du, bere departamentuak bultzatu baitu ekimen hori entitate hauen lankidetzarekin: Donostiako Sustapenak, Donostia Moda, AEG prestakuntza zentroa eta Garbera.

UPCYCLING ekimenaren helburua da oihal-hondarrak jantzi berri bihurtzea. Ez dira materialak eraldatzen berriro erabili ahal izateko, baizik eta lehengai bera erabiltzen jarraitzen da objektu berri bat egiteko, baina inolako prozesu industrialik erabili gabe, betiere diseinatzaileek diseinu alorrean duten gaitasun, esperientzia eta jakintzari esker. 'Kontzeptu aldaketa bat da eta, ondorioz, produktu baten bizitza amaierak aukera ematen du beste produktu bat fabrikatzeko'. Horretarako, politika jasangarriak bultzatu ditzaketen sektoretan ari gara lanean, modaren sektorean adibidez, moda jasangarri eta birziklagarriaren alorrean aitzindariak diren enpresa txiki eta ertaineko ekosistema bat baitago Gipuzkoan.

'Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du hondakinak berrerabiltzeko eta horiek lehengai bihurtzeko ekimenak bultzatzea eta herritarrak gai horretaz kontzientziatzea. Eta funtsezko da ere herritarrek ahalegin guztia egitea, errespetuzko kontsumo bat bermatze aldera. Eta modaren kasu zehatzean, berriz, ingurumenarekiko errespetua eta erantzukizuna erakusteko prest dagoen sektore bat bultzatu nahi dugu', esan du.

Departamentua lanean ari da ekimen hau bultzatzeko, Donosti Sustapenak eta Gaberarekin batera, proiektuaren diseinuan parte hartu baitute. Gabera, bere aldetik, ekimen berritzaile hori hartzen du eta dinamizatzaile lanetan ari da.

Halaber, herritarrek lagundu dezakete Garberako arropa-edukiontzian erabiltzen ez duten arropa edo ehun-materialak jarrita, bigarren bizitza bat emateko xedez. Material hori lehengai gisa erabiliko da Garberako informazio lekuko langileen jantzi berriak diseinatzeko abian jarri den Upcycling lehiaketan. AEG ikastetxeko moda eta diseinu zikloko ikasleek izango dira oihal horiei bizitza berria emateko, diseinatzeko eta egiteko arduradunak. Horrela, Departamentuak laguntza eman nahi die moda jasangarria bultzatzen duten ikastetxeei, erreferente baitira modaren kontzeptu berria garatzeko orduan.

AEG ikastetxeko ikasleek eta Masterreko diseinatzaileek (GK Green Fashion) egindako lanaren emaitza ikusi ahal izango da Moda Desfilearen bigarren edizioan, Hondakinen Prebentzio Astearen esparruan Miramar Jauregian, datorren azaroan, egingo den edizioan, hain zuzen.