Heineken Jazzaldia

07/23/2017 | News release | Distributed by Public on 07/23/2017 07:33

Charles Lloyd, maisuetan maisu

[Attachment]

Charles Lloyd saxofoi-jotzaileak hunkituta jaso zuen Donostiako Jazzaldia Saria Heineken Jazzaldiko zuzendari Miguel Martínen eskutik, lepo zegoen Trinitate Plazako entzuleriaren aurrean. Hauxe dio sariaren plakak: 'Musikan egindako ibilbideagatik eta jazz musikari belaunaldi berrien eredu izateagatik'. Musikan urratutako bide luzeari esker, hain zuzen, eskaini ahal izan zuen halako gogoangarria: entzuleak zutik jarri eta gogoz eskertu zuten bere belarriek jasotako oparia. Eragin handia izan du beste musikariengan eta horren lekuko da kontzertuan lagundu zuten hiru musikarien grina eta indarra: Gerald Clayton piano-jotzailea, Reuben Rogers kontrabaxu-jotzailea eta Eric Harland bateria. Hemendik urte askotara, ziur nabarmenduko dutela euren biografietan Charles Lloydekin jo zutela. Eta zeinek daki? Agian 'Trini'n jo zutela oroituko dute.

Kontzertuaren bigarren zatiak ere saxofoia izan zuen protagonista. Saxophone Summit bandak Joe Lovano, Greg Osby eta Dave Liebman zituen lehen lerroan. Tamalez, Liebmanek ezin izan zuen oholtzara igo, ondoezik zegoelako. Eta horrek Phil Markowitz, Cecil McBee eta Billy Hart erritmo hirukoan zuen taldea bere osotasunean gozatzea eragotzi zuen.

Auditorio Kursaal ez dakigu zer entzun genuen: ehun teklako piano edo ehun sokako harpa. Ondorio hori du du Hiromi pianista japoniar bertutetsua eta Edmar Castañeda harpa-jotzaile bertutetsua elkartzeak. Soinu haizetea leherrarazi zuten Pazifikoko tifoiak eta Karibeko urakanak. Soinu unibertso berritzailea sortu zuten. Bakarka jo zutenean, entzuleak hunkitu zituzten euren sentsibilitatearekin. Eta publikoa zutitu egin zen, berriz.

Zutik hartu zituzten, halaber, hondartzan ziren pertsonek Agertoki Berdeko proposamenak; oso desberdinak biak. Atzokoan zaleak biderkatu zituzten Niña Coyote eta Chico Tornado, eta Cory Henry & The Funk Apostles, hasieratik euren erritmo basatiarekin publikoa bereganatu zuen taldea.

San Telmo Museoan harrera beroa izan zuen musikari handien urtemugen zikloak. Atzokoan munduko pianista handienetako baten jaiotzaren mendeurrena gogoratu zuten: Thelonious Monk. Maisutasunez bete zuen zeregin hori seguruenik euskal jazz piano-jotzaile onena den Iñaki Salvadorrek.

Giro ezin hobea arnastu zen Kursaaleko terrazetan eta Alderdi-Ederreko lorategietako Skoda Agertokiaren estreinaldia bakana izan zen.

Hau jazz jaialdi bat da. Eta hemen jazza dago eguerditik, San Telmon, gauerdira arte, Victoria Eugenia Antzokian. Eskaintza erakargarri batekin: eskola ezberdineko baina jazzarekiko debozio berdina duten bi pianista, Cadizko Chano Domínguez eta Italiako Stefano Bollani.

Share the post 'Charles Lloyd, maisuetan maisu'