Results

Diputación Foral de Gipuzkoa

03/14/2017 | Press release | Distributed by Public on 03/14/2017 06:14

Amuten (Hondarribia) biribilgunea egiteko proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa

Obrek bost hilabete irautea espero da, eta puntu honetan udan bereziki ohikoak diren auto-ilarak ekiditea ahalbidetuko dute

Amuten (Hondarribia), Mendelurako N-638 errepideko bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. 715.701,86 eurokoa izango da aurrekontua, guztira, eta lanek bost hilabete iraungo dute. Bidegurutze hau trafiko puntu korapilatsua izan ohi da bertan gertatzen diren auto-ilarak direla-eta, udan bereziki, bisitari eta turista asko gerturatzen baitira eskualdera. 'Eremu honetan auto-pilaketa handiak egoten dira. Azken urteetan behin baino gehiagotan eskatutako aktuazioa da, eta Foru Gobernuak heldu egin dio. Uste dugu hobekuntza nabarmena ekarriko duela', azpimarratu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Amute auzoan N-638 eta GI 2134 errepideen artean egun dagoen bidegurutzeak zirkulazioa bideratzeko irletak eta semaforoak ditu, eta hainbat fasetan ibilgailuen zirkulazioa erabat eteten dute. Baldintza horietan bidegurutzearen funtzionamendua traketsa eta ahalmen gutxikoa da, eta edukiera egunero gainditzen da, batez ere uda garaian. Kontuan hartu behar da urtean, batez beste, 25.000 ibilgailu igarotzen direla bertatik. Hori dela-eta, Lasak 'lehentasuntzat' jo du obra.

Bidegurutze horren ahalmen gabezia eta bertan sortzen diren zirkulazio arazoak konpontzeko, Bide Azpiegituretako departamentuko zerbitzu teknikoek biribilgune proiektua idatzi dute, eta gaurko Kontseiluak eman dio oniritzia, obrak egiteko hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda onesteaz gain. Esleipena egin ondoren, lanak irailean hasiko dira, trafiko afekzioak ahalik eta txikienak izateko.

Proiektuak, N-638 errepidearen Zubieta eta Amute arteko egungo trazatuan biribilgune zirkular bat zehazten du, 50 m-ko kanpoko diametroa eta hiru bide-adar dituena; Hondarribiranzko bide-adarra egungo bi erreietara egokitzen da, baina Irun eta GI-636 errepiderako bide-adarrek errei bakarra izango dute, egungo sekziora egokitzeko. Sarrerak, berriz, eraztuna baino pixka bat lehenago bi erreira zabaltzen dira, bidegurutzearen ahalmena handitzeko.

Bestalde, proiektuak jasotzen du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako bidegorriak egitea, eta lanek atxikitako espaloiak eta zerbitzu guztiak berregitea. Proiektua joan den abenduan jarri zen jendaurrean, alegazioak aurkezteko hilabeteko epearekin. Zazpi aurkeztu ziren, eta guztiei eman zaie erantzuna epe eta forma egokian.

Sagardogintza naturalari babesa

Era berean, Kontseiluak erabaki du 33.041 euroko diru laguntza ematea Gipuzkoako Sagardoegileen Elkarteari, 2016an elkartearekin sinatutako hitzarmenaren baitan, sagardogintza naturala hobetzeko eta sagardotarako sagarrondoen landaketak sustatu eta hobetzeko. Gogoratu behar da Sagardo Mahaia Elkarteak ere beste diru laguntza bat jasotzen duela, 19.857 eurokoa, sektorearekiko elkarlanaren barruan, horrekin ere sinatutako hitzarmenari dagokiona.

Bi elkarte horiek barne hartzen dituzten sagardogileek, bestalde, aukera edukiko dute aurten ere Aldundiak, 290.000 euroko kopuruarekin, onartuko duen diru laguntza lerroan parte hartzeko. Sagardorako sagarrondoen landaketa, hobekuntza eta garapena sustatzeko aktuazioak bultzatzea dute xede laguntzok, sektoreak dituen hornidura beharrei erantzuna emanez. Aldundiarentzat, sagardoa Gipuzkoako tradizioan antzinatik sustraituta dagoen produktua da eta gaur egun pisu ekonomiko nabarmena du. 'Sagardotegira joatea nabarmen sustraitu da gure gizartean eta sasoiz kanpo sagardo naturala edateko ohiturak aukera berriak zabaltzen ditu', esan du.

Gaur egun, lurraldeak 5 eta 6,25 bitarte milioi kilo sagar ekoizten du urtean, eta kanpotik inportatzen ditu gainerako 7,75 milioiak. Haatik, iragan urtean, Aldundiak onartu zuen 5 urtetan 1,5 milioi euro inbertitzea, bertako sagarra ekoizteko 310 hektarea garatze aldera. Laguntza horiei esker, hemengo sagastiak ugaltzen eta gaztetzen ari dira; 'horri esker, lehengaiaz hornitzeko kanpoko mendekotasuna arintzen joango da.

Kontuan hartu behar da sagardotarako sagastiak homologatzea motibazio eta errentagarritasun iturri izan daitekeela Gipuzkoako baserri askorentzat, eta gaur egun egiten den sagardoaren kalitatea bermatzeko gakoa dela, lehengaia oinarri hartuta eta sagardogintzan hobekuntzak sartuta. Gaur onartutako diru laguntza kalitatearen, eta sektorearekiko elkarlanaren aldeko apustuan kokatzen da: 'Sektoreko profesionalak konprometituta daude etengabeko hobekuntzarekiko, sagardo naturala ekoiztu, elaboratu eta merkaturatzeko prozesu guztian zehar'. Sagardoaren sektorea 74 sagardotegitan egituratzen da lurraldean; urtean 9,5 eta 10 milioi litro artean ekoizten dute, 15 milioi euroko balioarekin.

Ibilgailua lagako zaio Don Boscori

Azkenik, Don Bosco lanbide heziketako ikastegi bateratuari erabiltzen ez den Aldundiaren Opel Corsa ibilgailua dohaintzan ematea erabaki du Kontseiluak, ikasleen prestakuntzan erabiltzearren. Ikastegiak automozioko espezialitatea eskaintzen du erdi eta goi mailetan, eta mekanika, elektrizitate, karrozeria eta kintura arloetako prestakuntza ematen du. Horregatik, benetako ibilgailuak behar ditu, ikasleek haiekin praktikak egin ditzaten.

Bilera instituzionala Katalunian

Bestalde, foru bozeramaileak iragarri du Aldundia Kataluniara joango dela, gaur, asteartea, 'procés'-aren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko, Kataluniako esparru politikoko aktore nagusien eskutik. Markel Olano diputatu nagusia edukiko du buru gipuzkoar ordezkaritzak, eta bertan izango da Lasa bera ere. Hitzordu nagusia bihar goizean -asteazkena- izango da; Diputatu Nagusiak eta foru bozeramaileak laneko batzarra edukiko dute Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin. Edonola ere, aurreikusitako agendaren barruan, beste ordezkari politikoekin eta gizarte zibil antolatuko eragileekin ere elkartzeko asmoa dute.

Kataluniarekin 'elkarlan bideak estutzeko' helburuaren barruan kokatu du Lasak biharko batzarra. 'Sekulako garrantzi politikoa duten gertakariak izaten ari dira bertan, eta Euskadi osoan, eta Gipuzkoan bereziki, ikusmin handia piztu dute'. Adibide bezala aipatu du joan den hilean, Kursaal aretoan, 'Erabakitzeko Eskubidea. Prozesua Katalunian' izenburupean, Ibarretxe Lehendakaria eta Artur Mas protagonista eduki zituen ekitaldiak izandako erantzun jendetsua.

Lasak azpimarratu duenez, bi erakundeak bat datoz printzipio demokratiko 'oso garbi' baten defentsan: herritarren borondatearen errespetuan, alegia. 'Begibistakoa da gatazka politiko bat bizi dela Katalunian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, gipuzkoarron ordezkari bezala, bere babesa eta atxikimendua adierazi nahi dizkio Kataluniako herriari. Arrazoi sinple bategatik egiten dugu: gure ustez gipuzkoarron gehiengoa sentsibilizatuta dago gai honekin, eta arretaz ari da jarraitzen'.

Donostia, 2017ko martxoaren 14a