Diputación Foral de Gipuzkoa

04/05/2017 | Press release | Distributed by Public on 04/05/2017 04:38

Argitaratu beharreko gardentasun edukien betekizunak %98an bete ditu Aldundiak

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa

Foru Arauaren 2016ko betetze txostenak zazpi puntuko hobekuntza egiaztatzen du, 2015ekoarekin alderatuta

Diputatuen Kontseiluak joan den astean onartu zuen gardentasunari eta informazio publikorako irisgarritasunari buruzko foru arauaren betetze mailaren inguruko 2016ko txostena. Kontseiluan aurkeztu eta gero, Batzar Nagusietara bidaliko da eta, bertan tramitatu ondoren, publiko egingo da txostena. Imanol Lasa foru bozeramaileak bertan jasotako zenbait ondorio aurreratu ditu, ordea, eta horien artean nabarmentzekoa da Aldundiak %98,09an bete dituela gardentasun edukien argitalpen betekizunak, 2015ean lortutako portzentajea ia zazpi puntutan hobetuz. Gainera, bai foru organoek, bai Batzar Nagusiek %95ko portzentajea erdietsi dute, gutxienez -ikusi bukaerako taula-.

'Herritarrek eskura eduki behar dute Aldundiaren kudeaketari buruzko informazio guztia; zein erabaki hartzen ditugun eta horiek nola hartzen diren. Legealdi hasieratik, eskakizun hori betetzeko, eta alor honetan ere Europan erreferente izateko erabaki sendoa hartu dugu. Etxe honetako ateak eta leihoak irekitzeko apustua gobernantza onaren oinarrietako bat da, eta ez da geratuko', nabarmendu du Lasak.

Txostenak aurrerapen handiak erakusten ditu Aldundiak publiko egiten dituen edukien kopuruan. Esaterako, edozeinek kontsulta ditzake goi kargudunen soldatak, curriculumak, ondasunak eta ondarea; erakundearen kanpainak eta publizitatea; lantzen ari diren arauak; esleitzen diren kontratuak eta diru-laguntzak; erabaki politikoak hartzeko prozedurak, edo ekonomiari, finantzei eta aurrekontuei dagokien informazioa. Azken horri dagokionez, adibidez, bai Aldundiak, bai bere organoek eta Batzar Nagusiek % 100ean betetzen dute Foru Araua.

Bultzada horren bidez, Aldundiak 100etik 81,9ko puntuazioa lortu zuen Nazioarteko Gardentasuna erakundeak 2015eko abenduan argitaratu zuen txostenean; 2013an, aldiz, 63,8koa erdietsi zuen. Txosten hori bi urtean behin egiten denez, hurrengoaren argitalpena gertu dago, eta nota hobetzen espero dutela adierazi du Lasak. Era berean, gogoan izan behar da Aldundia lehen postuan dagoela gardentasun publikorako Dyntra elkarteak argitaratzen duen estatu mailako indizean, eta gardentasuna eta gobernu irekia neurtzeko 187 adierazleetatik 157 betetzen dituela (%80 baino gehiago).

Ranking horietan balorazioa hobetzen jarraitzeko helburuarekin, 2016an beste erabaki sakon batzuk hartu ziren, Foru Arauak eskatzen duena baino harago doazenak: publiko egin dira diputatuen agendak eta goi kargudunen bidaia gastuak. 'Gaur egun, Aldundiaren web orriaren bidez, edonork du gure egunerokoaren berri, edonork daki norekin biltzen garen, nora bidaiatzen dugun eta nola, ostatu eta garraio gastuak ere xehe adierazita. Garrantzia handiko urratsak dira horiek gardentasunaren eta eredugarritasunaren bidean', azpimarratu du. Aipatzekoa da kontratu txikien inguruko informazioa; horri lotutako betetze maila nabarmen igo da, %56tik 2015ean %100era iaz, informazioaren kudeaketa asko arindu baita.

Gainera, kontu ematearen barruan, herritarrek foru aurrekontuaren betetze maila zein den jakin dezakete web orriaren bitartez: hamabost egunean behin eguneratzen da atal hori; Kudeaketa Plan Estrategikoaren barruan zehaztutako 50 helburu estrategikoen betetze maila ere hilabetean behin argitaratzen da, eta baita foru gobernuak hartutako erabakiak oinarritzen dituzten espediente eta txostenak ere: 'Hau da, ez da bakarrik azken erabakia edo emaitza jakinarazten, prozesu osoa baizik, hasi eta buka'.

Ezinbesteko tresna dugu horretarako gipuzkoairekia.eus, gardentasunaren eta datu irekien ataria. Aldundiaren plataforma honek helburutzat du teknologia berriak baliatuz egiazko, garrantzizko eta kalitatezko informazio publikoa ematea; eta eduki hori zabalduz joango da. Atariak 15.367 erabiltzaile izan zituen 2016an, hau da, aurreko urtean adinako bi ia -7.898- . Datu horrek erakusten du geroz eta onarpen handiagoa duela. Gehien kontsultatu ziren edukiak honako hauek izan ziren: datu irekien katalogoa -2.312 saio-, Aldundiaren antolaketa eta organigrama -1.069-, langileen ordainsariak -802-, eta udalerrien hiri katastroa -712-..

Gipuzkoa Irekia atarian 89 erakunde daude dagoeneko atxikita (82 udal, 6 mankomunitate, kontsorzio 1). Horri esker, bertan udalek gardentasunaren inguruko informazioa argitaratzeko aukera dute, udal bakoitzaren web orrialdean erakutsi ahal dutena beraien webaren irudiarekin.

Hobetzeko alorrak

Argitaratzen den informazio guztia ulergarria, maneiagarria eta berrerabilgarria izatea bermatzea da erronka nagusietako bat. Horretarako, formatuak findu beharko dira. Erakunde ororen gardentasun maila areagotzeko eta gardentasun kulturan sakontzeko 2017. urtean hainbat hobekuntza landuko dira:

- Gardentasunari eta Informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Araua aztertzea.

- Kontratatzailearen Profilean kontratu mahaien aktak eta txosten teknikoak argitaratzea.

- Aldundiko aurrekontuak formatu bererabilgarrian jartzeko proiektua lantzea.

- Gipuzkoako udal txikiei gardentasuneko araudia betetzeko laguntza teknikoa eskeintzea.

- Gipuzkoa Irekiaren atarian hobekuntza teknikoak egitea helburu bikoitzarekin: edukien lanketa erraztea eta, nagusiki, herritarrei atariaren erabilera erraztea.

Egiteko zereginen artean dago informazio eskubidearen sustapena ere, ez baitira jaso 11 eskaera besterik informazio sarbideari lotuta. Pertsona gutxik erabiltzen dute daukaten eskubidea, eta, horregatik, ahalegin handiagoa egingo da herritarrengana iristeko eta informazioa eskuratzeko dituzten kanalak ezagutarazteko. Helburu horrekin, Gertubiden atal berezia sortuko da, informazio publikoa eskuratzeari buruzkoa, sarbide zuzenarekin, eta web orrian Gertubide nabarmenduko da, herritarrei sarbidea erraztuz.

Donostia, 2017ko apirilaren 5a