10/03/2024 | Press release | Distributed by Public on 10/04/2024 03:31
Egun hauetan jazotako gertakari larriak direla eta, Udaleko Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako arloa bideozaintza mugikorreko sistemak instalatzen ari da gaur goizean Barakaldoko bi gunetan: Zubiletan eta Kadaguan.
Denbora errealean grabatzeko eta emititzeko prestatutako goi-teknologiako sistemak dira. Bi tokietako polizia-zaintza osatzea eta gertakari berriak prebenitzea du eginkizun, eta, horrez gain, tokiko bizilagunen segurtasun-sentsazioa hobetzen laguntzen du, Angel Madrazo zinegotzi ordezkariak azaldu duenez.
Guztira, ikuseremu zabala duten bi bideozaintza-sistema jartzen ari dira, eta, gainera, matrikula-irakurgailuak dituzte, ingurunearen kontrola handitzeko.
"Zenbait kasutan istiluak izan diren auzoez ari gara, eta, une honetan, gertatutakoaren larritasuna ikusita, zaintza-sistema horiek premiaz instalatzeko eta tokian instalazioa behin betiko mantentzeko izapideak hasteko erabakia hartu dugu. Orain arteko esperientziari esker, esan dezakegu kamerak jartzeak polizia-lana indartzen laguntzen duela ", azaldu du Madrazok.
Zubileta kalean bi kamera-ekipo egongo dira, industria-pabiloi baten fatxadan, ibilgailuen sarrera nagusiaren ondoan. Berrikuntza gisa, Barakaldon instalatutako gainerako ekipoekin alderatuta, eguzki-panelen bidez energia jasoko dute.
Bestalde, Kadaguan bideozaintzako beste bi kit egongo dira, PeƱaskuren kaleko kale-argi banatan jarriak, Gurutzetatik auzorako sarbidea ematean jende gehien biltzen den kalean. Kasu horretan, kamerek lan egin ahal izateko beharrezko kableatua barne hartzen du jarduketak.
Jarduketen barruan sartzen da Udaltzaingoaren komisariako transmisio-gelatik kamerak zuzenean ikusteko behar diren elementu guztiak martxan jartzea, nahiz eta beren grabazio-sistema ere baduten.
SEGURTASUN-SENTSAZIOA
"Kamera horien bidez, oinezkoen segurtasuna eta segurtasun-sentsazioa hobetu nahi ditugu, eta Udaltzaingoaren eta gainerako polizia-kidego eta -indarren lana babestu, teknologiaren bidez. Elementu horiek gure lanaren eraginkortasun-plusa ekar diezagukete, eta, horrekin, gure udalerrietan bizi diren pertsonen ongizateari lagundu, hori baita, azkenean, lortu nahi duguna ", amaitu du Angel Madrazok.