CAF - Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles SA

01/25/2024 | Press release | Distributed by Public on 01/25/2024 06:48

SOLARISEK HIDROGENO BIDEZKO AUTOBUSEN EUROPAKO MERKATUAN DUEN LIDERGOA BERRETSI DU BARTZELONARAKO ETA ESSENERAKO KONTRATUAK ESKURATUTA

2024/01/25

CAF Taldeko enpresak hazten ari den hidrogeno bidezko hiri-autobusen merkatuan duen lidergoa sendotu du bi hitzarmen berri hauei esker. Horien arabera, 57 ibilgailu entregatuko ditu eta horien guztizko zenbatekoa 40 milioi euro baino gehiagokoa da. Hidrogeno bidezko teknologiaren hedapenari dagokionez Solarisek pilatu duen esperientziari esker, Europako 10 herrialdetako 40 operadorek jarri dute konfiantza enpresan eta 700 ibilgailu baino gehiagoko bolumena duten eskariak sinatu dituzte.

Hidrogeno bidezko ibilgailuen merkatuak izandako etengabeko garapenari eta hidrogeno bidezko erregai-pilak propultsatutako autobusen eskariek izandako gorakadari esker, Solarisek segmentu honetan jarduera komertziala handitu du azken hilabeteotan. Hain zuzen ere, azken teknologia horrekin lotuta, Solarisek inbertsio handia egin du aurreko urtean: modu esklusiboan hidrogeno bidez propultsatutako autobusen produkziora bideratutako nabe berria eraikitzea.

Solarisen eskari-zorro handiak herrialde hauetako hainbat operadorerentzako hornikuntza jasotzen du eta, bide batez, merkatu honek egun duen garrantzia islatzen du: Austria, Suitza, Alemania, Espainia, Frantzia, Italia, Herbehereak, Polonia, Suedia eta Eslovakia. 2022an, hidrogeno bidezko 99 autobus matrikulatu ziren Europan. Oraindik 2023ko datu ofizialik ez dugun arren, urteko hirugarren hiruhilekoaren amaieran, autobus berrien 137 matrikulazio zeuden guztira Europan. Beste nolabait esanda, aurreko urteko 12 hilabeteekin alderatuta, igoera % 38koa izan zen. Horri guztiari 2023ko azken 3 hilabeteetako datuak gehitzen badizkiogu, zalantzarik gabe, agerian geratuko da segmentuak igoera handia izan duela eta Solarisek horretan ekarpen handia egin duela. Duela urte gutxi (zehatzago esanda, 2018an), Europan ez zen hidrogeno bidezko autobus bakar bat ere matrikulatu.

Horri dagokionez, kontuan izan behar da hidrogenoaren aldeko argudioak ugari direla: lehenengo eta behin, operazioan erabat garbia den energia-iturria da karbono-isuririk sortzen ez duelako. Bestetik, abantaila hauek ere baditu: autonomia handia, energia-dentsitate handia, erregaia bizkor berriz hornitzeko gaitasuna, funtzionamenduari dagokionez isila da edo hidrogeno bidezko autobus-flota batek operazioan duen kudeaketarako malgutasuna handia da.

Orain arte Espainian Solarisek lortutako hidrogeno bidezko autobusen kontratu handiena

Bartzelona hiriko hiri-garraioa kudeatzen duen TMB (Transports Metropolitans de Barcelona) enpresak Solaris aukeratu du hidrogeno bidezko 38 autobus hornitzeko. Haietako 36 autobus 12 metrokoak izango dira, eta beste 2 autobus, aldiz, 18 metroko artikulatuak. Horixe da teknologia mota hori duten ibilgailuekin lotuta Espainian orain arte esleitu den kontratu handiena.

Akordio honek, beste behin, jarritako helburuak lortzen Bartzelona hiriari laguntzen jarraitzeko aukera eman dio CAF Taldeari garraio jasangarriagoa eskaintzeari dagokionez. Hori guztia 2021ean Bartzelonako Udalak onartutako politikarekin bat dator; izan ere, ordu hartan, data horretatik aurrera, garraio publikorako isuri baxuko edo zero isuriko ibilgailuak bakarrik erosteko erabakia hartu zuen Udalak. Azken urteotan, Espainiako merkatuan ibilgailu jasangarrien segmentu horretan garatutako proiektuetan gorakada handia izan du Solarisek. Hain zuzen ere, Bartzelonako metropoli eremua da horren erakusgarri argia. Izan ere, gaur egun, Solarisen flota handia du eremu hark eta hurrengo hilabeteotan are gehiago handituko da kontratatutako autobus berriak zerbitzuan sartzen direnean.

Solarisen ibilgailuak Bartzelonako TMBren flotara 2015ean gehitu ziren lehen aldiz. Hain zuzen ere, huraxe izan zen 18 metroko Urbino modelo elektrikoa eskuratu zuen Estatuko lehen hirietako bat. Ordutik, TMBk modelo horretako ibilgailu gehiago erosi ditu, eta eskariak 2018an eta 2020an egin ditu. Hidrogeno bidezko ibilgailuei dagokienez, horiek izango dira hiriko kaleak zeharkatuko dituzten Solaris etxeko lehenengoak. Proiektu honekin, Solarisek Espainiako merkatuan egindako apustua baieztatu da; izan ere, dagoeneko 900 autobus baino gehiago entregatu ditu bertan.

Gainera, Alemaniako Essen hirian hidrogeno bidezko 19 autobus entregatuko ditu

Bestalde, Solarisek kontratua sinatu du Ruhrbahn GmbH operadorearekin Alemaniako Essen hirian zerbitzua emango duten hidrogeno bidezko 19 autobus hornitzeko Eskariak Urbino 12 modeloko 9 ibilgailu eta Urbino 18 modeloko 10 autobus jasotzen ditu eta 2024 eta 205ean entregatzea aurrez ikusi dute. Era berean, aipatu beharrekoa da bezero berak 51 tranbia-unitate hornitzeko lanak esleitu zizkiola 2021ean CAFi. Horixe da Ruhr inguruko operadore handiena eta metroko, tranbietako eta autobuseko lineak kudeatzen ditu, eta urtean 150 milioi bidaiari baino gehiagori zerbitzua ematen dio.

Autobusak ibilgailuan energia elektrikoa sortzen duten hidrogeno bidezko erregai-pilekin ekipatuta egongo dira eta, gainera, denbora gehiagoan pilaren funtzionamenduari eutsi ahal izateko espezifikoki diseinatutako Solaris High Power bateriak izango dituzte. Gainera, ibilgailuak bero-ponpa bidezko beroketa-funtzioa duen CO2ko gailu bidez klimatizatuta egongo dira. Bidaiariek, gainera, USB kargagailuak eta hari zuzendutako informazio-sistema modernoa izango dituzte erabilgarri, eta ibilgailuak segurtasuneko ADAS (Advanced Driver Assistance Systems) sistema aurreratuekin ekipatuta egongo dira. Kontratua osatzeko, eSConnect sistema ere izango dute. Solarisek diseinatutako tresna horri esker, autobusaren errendimendua ebaluatzeko eta operazioaren plangintza egiteko beharrezko datu guztietara sarbide osoa izan daiteke.

Aipatu beharrekoa da Alemaniako merkatua bereziki aktiboa dela eta hidrogeno bidez propultsatutako autobusetan egindako inbertsioa gero eta handiagoa dela. Datu hori agerian uzten du honek: Solaris etxearen hidrogeno bidezko autobusak dagoeneko zerbitzuan daude Kolonian, Wuppertal-en, Hofolding-en, Weimar-en, Frankfurten, Gross-Zimmern-en eta Municheko metropoli eremuan. Hiri horiei, gainera, laster beste batzuk gehituko zaizkie, haien eskariak gaur egun fabrikazio-fasean baitaude: Aschaffenburg, Krefeld, G├╝strow, Gross-Gerau, Hamburgo eta Duisburg.

Joan prentsa-oharretara