Results

CAF - Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles SA

03/21/2024 | Press release | Distributed by Public on 03/21/2024 04:48

CAF-EK SENDOTU EGIN DU HIDROGENOZKO AUTOBUSEN EUROPAKO MERKATUAN DUEN LIDERGOA, ALEMANIAN ETA FRANTZIAN BESTE BI AKORDIO LORTUTA

2024/03/21

Alemaniako Kolonia hiriko garraio publikoko operadoreak, Regionalverkehr Köln GmbH-ek (RVK), Solaris aukeratu du hidrogeno bidezko autobusen hornitzaile gisa. Oraingoan 20 ibilgailu izango dira, horietako bederatzi 12 metroko Urbino modelokoak, eta gainerako hamaikak 18 metroko Urbino autobus artikulatuak izango dira. 2025eko lehen seihilekorako aurreikusita zegoen eskaera hori entregatutakoan, Koloniako hidrogenozko autobusen flota 84 Solaris ibilgailuk osatuko dute.

Kolonia Alemaniaren mendebaldean dago, eta milioi bat biztanle baino gehiago ditu. Jasangarritasunaren alde duen konpromisoa dela eta, hidrogenoan oinarritutako garraio publikoaren garapenaren aldeko apustua egiten aitzindarietako bat da. Inbertsio horretan, ibilgailu horiek erosteaz gain, azpiegitura egokia ere instalatu dute, eta horri esker, hidrogenoan oinarritutako garraio-linea osoak izatea lortu dute.

Autobusek 350 km-ko autonomia bermatua izango dute, baldintza atmosferikoak eta topografikoak alde batera utzita, eta aurreko ibilgailuek bezala, ekipamendu modernoa izango dute, honako hauek barne: eraginkortasun handiko aire girotua, bidaiarientzako jarraipen- eta informazio-sistema aurreratua, floten jarraipena eta kudeaketa egiteko eSConnect urruneko sistema eta autobusaren inguruan objektuak detektatzen dituen MobilEye Shield+ sistema.

Bestalde, adierazi behar da Solaris aukeratu dutela Frantzian Île-de-France Mobilités operadoreari Solaris Urbino 12 hidrogenozko 22 autobus hornitzeko. Operadore horrek abiarazi du lizitazioa, CATPren (Garraio Publikoaren Erosketa Zentrala) laguntzarekin, hidrogenozko autobusak erosi eta mantentzeko. Proiektu pilotu horren helburua hidrogenoaren teknologiak eskualdeko garraio publikoaren sistemarako duen potentziala ebaluatzea zen, gaur egungo autobus-flota berritzeko 2018tik egiten ari diren ekimen eta inbertsioen barruan. Kasu horretan, unitateak 2024 eta 2025 urteen artean entregatzea aurreikusten da.

Kontratu berri horiek berretsi egiten dute hidrogenoaren eta zero emisioko ibilgailuen merkatuan Solarisek duen lidergoa. Horren erakusgarri da 2023ko ekitaldian Europan matrikulatutako hidrogenozko autobus guztien % 44,5 Solaris ibilgailuak izan zirela.

Iaz saldutako hidrogenozko autobusen kopuruak gora egin du, eta horrek argi eta garbi erakusten du teknologia horrek gero eta interes handiagoa duela, eta joera horrek aurrera jarraituko duela. Izan ere, Solarisen eskaera-zorroak, iazko ekitaldiaren itxieran, hidrogeno bidez propultsatutako 535 ibilgailuko eskaerak jasotzen zituen, eta entrega-datak 2024tik 2026ra bitartekoak ziren. Ez dira ahaztu behar soluzio horren abantaila garrantzitsu batzuk, hala nola autonomia handia eta erregaia bizkor berriz hornitzeko gaitasuna. Horri esker, hidrogenozko ibilgailuek malgutasun handia dute kudeaketan.

Joan prentsa-oharretara