Mondragon Unibertsitatea

01/25/2024 | Press release | Distributed by Public on 01/25/2024 06:37

BOLUNTARIOAK FLL Euskadi-MONDRAGON edizio berria, boluntario bila 2024·01·25

BOLUNTARIOAK

FLL Euskadi-MONDRAGON edizio berria, boluntario bila

Mondragon Unibertsitateko Iturripeko Campusean eta Iturripeko kiroldegian antolatuko da martxoaren 2ko ekitaldi nagusia

2024·01·25

Lehiaketaren garapen egokia bermatzeko boluntarioen papera ezinbestekoa da eta boluntarioak jasotzeko kanpaina martxan jarri da.

Boluntario kanpainari bultzada emateko prentsaurrekoa egin dute Arrasateko Udala, MONDRAGON Korporazioa eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek.

Arrasate, 2024eko urtarrilaren 25a.FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON torneoaren finala martxoaren 2an izango da, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko Campusean. Challenge kategorian, 10 eta 16 urte arteko ikasleez osaturiko taldeak beraien proiektu berritzaileak aurkeztuko dituzte, eta LEGO piezez eraikitako robot batekin robot jokoak planteatzen dituen erronkei aurre egin. MASTERPIECE erronka medio, ikasleek denboraldi honetan besteekin partekatu nahi duten zaletasuna identifikatu beharko dute (musika, zinema, antzerkia…), teknologia modu sortzailean erabiliz

Torneoa gauzatzeko ezinbestekoa da boluntarioen lana eta, hain zuzen ere, herritarrek FLL Euskadi-MONDRAGON ekitaldian parte hartzeko deia egin dute gaur prentsaurrean. Bertan izan dira Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkatea, Maite Anaya Rodríguez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Diseinu Berrikuntzako irakaslea eta ikertzailea, eta Iñigo Larrea, Talentuaren Kudeaketako arduraduna Mondragon Korporazioan.

Maider Morrasek "poztasuna" azaldu du beste urte batez First Lego League Euskadi-ren finala Arrasaten egiteagatik: "alde batetik, Arrasateko unibertsitate zein enpresa ezagutza balorean jartzen duelako eta, bestetik, Arrasate teknologia talentuaren hiri bilakatzen duelako". Era berean, torneoak izaten duen jai giroa nabarmendu du eta gehitu du "balore kooperatiboen bitartez" lan egiteko aukera ematen duela, "elkarren arteko kooperazioa indartuz".

Iñigo Larreak, bestalde, aipatu du gizarteko erronkei "aurre egiteko teknologia modu berritzailean erabiltzen ikasten" dutela FLL ekimenean parte hartzen duten gazteek. "Era berean, elkarlana, erronkei aurre egitea, sormena eta ondo pasatzea moduko baloreak sustatzen dira", gaineratu du eta horregatik parte hartzen duela MONDRAGONek 5. aldiz ekitaldi honen antolaketan.

Arrasateko ekitaldiarako 100 boluntario behar dituztela nabarmendu du Maite Anayak: "40 ekipok parte hartuko dute, 300 ikasletik gora izango dira. Horiei guztiei laguntzeko boluntarioak beharrezkoak ditugu". Azpimarratu du ez dela profil jakin bat bilatzen boluntario lanetarako: "herritar guztiak daude gonbidatuta".

FLL Euskadi-MONDRAGON-ek jai itzel bat antolatu nahi du beste behin, eta horretarako talde, pertsona, ikastetxe, laguntzaile eta bestelako eragileeen laguntza beharrezkoa da. Jardunaldiak behar duen bezala funtzionatzeko behar beharrezkoa da boluntarioen laguntza, eta parte hartzeko prest dagoen edozeinena ongi etorria izango da. Horretarako, hemen izena eman ahal izango da eta martxoaren 2an Mondragon Unibertsitateko Iturripeko Campusean egingo den ekitaldian protagonista zuzena bilakatuz. Boluntario izateko modu ezberdinak daude, eta lehentasunen arabera modu batean zein bestean parte hartu ahal izango da:

  • Arbitro: Roboten jolasa kontrolatzeko ardura izango du.
  • Epaile: Taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko ditu.
  • Floater: Lehiaketak irauten duen bitartean taldeei laguntza emango diete hitzordu ezberdinetara garaiz iristen direla eta egun osoan ondo pasatzen dutela bermatzeko.
  • Zientzialari: FLL Junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko ditu.
  • Timekeeper & Scorekeeper: Mahai-jokoaren software-a eta partiden iraupena kontrolatuko ditu.
  • Eremuen arduradun (Field, PIT & Queue volunteer): Lehiaketaren eremuak kontrolatuko ditu taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko.

STEAM heziketa bultzatzeko

FIRST LEGO League gaur egun 110 herrialdeetan zehar 650.000 gazte inguru batzen duen heziketa programa internazional bat da. Honen baitan antolatuko da FLL Euskadi-MONDRAGON torneoa Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Iturripeko Campusean. Ekitaldia MONDRAGON Korporazioak eta Mondragon Unibertsitateak STEAM heziketa bultzatzeko Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin duen akordioaren baitan dago kokatua. Horrela, Euskadiko ikasleen artean gaitasun teknologiko eta zientifikoekiko interesa aktibatu nahi dugu, jakintza ildo berri bat irekiz. Beste behin ere, FLL Euskadi-MONDRAGON lehiaketa ofiziala izango da, Estatu mailako txapelketara sailkatzeko balioko duena. Bertan FLL Explore eta FLL Challenge erronkak izango dira. FLL Explore 6-9 urte arteko ikasleei zuzendua dago, eta FLL Challenge aldiz, 10-16 urte bitartekoei.

Erakundeak bat eginez

Elkarlana da FIRST LEGO Leaguen oinarri sendoenetako bat, eta FLL Euskadi-MONDRAGON lehiaketa aurrera eramateko ezinbestekoa da instituzio zein enpresen babesa. 2024ko edizioa beste behin Mondragon Unibertsitateak, MONDRAGON Korporazioak eta Innobasquek antolatu dute. Horiez gain, babesle bezala aurkitzen dira Arrasateko Udala, Ausolan, Danobatgroup, Erreka, Fagor Taldea, Ikerlan, Krean, Laboral kutxa, LKS Next, Lortek eta Maier, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saila, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Ingeniera Soy elkartea da Espainia mailako lehiaketaren antolatzailea.

Horrez gain, esan beharra dago Arrasaten antolatuko den ekitaldia FLL Euskadi lehiaketa nagusiaren finalari dagokiola, egoitza anitzetako bat bilakatuz. FLL Euskadi 2024ko finala aldi berean jokatuko diren lau torneotan banatuko da; FLL Euskadi-BILBAO, FLL Euskadi-DONOSTIA, FLL Euskadi-MONDRAGON eta FLL Euskadi-VITORIA-GASTEIZ.

Aurten 15. edizioa antolatzen ari da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta UPV/EHUrekin batera.