Ayuntamiento de Barakaldo

05/10/2024 | Press release | Distributed by Public on 05/10/2024 06:54

Barakaldoko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa arloak geldiarazi egin du El Caleroko pabiloi batzuk baimenik gabe eraistea

2024/05/10

Barakaldoko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa arloak geldiarazi egin du El Caleroko pabiloi batzuk baimenik gabe eraistea

Juan Antonio Pizarro zinegotzi delegatuak jakinarazi du lanak, amiantoaren manipulazioa barne, baimen egokirik gabe egiten ari zirela.

Barakaldoko Udaleko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloak geldiarazi egin ditu gaur Burtzeña auzoko El Calero eremuan baimenik gabe egiten ari ziren pabiloi batzuk eraisteko lanak. Juan Antonio Pizarro zinegotzi delegatuak jakinarazi duenez, nabeen estalkian dagoen amiantoaren manipulazioa ere sartu da obra horietan.

"Makinak eta langileak amiantoa lurrean dagoen eremuetan sartu aurretik obrak geldiarazi dira, eta hori arriskutsua izan daiteke inguruko bizilagunentzat. Beraz, pertsonen segurtasuna eta osasuna zaindu ditugu ", adierazi du Pizarrok.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko apirilaren 28an El Caleron abandonatutako lehen pabiloiak eraisteko lizentzia eman zuen arren, baimen hori sustatzaileak beste erakunde batzuen beharrezko baimenak lortzearen baldintzapean zegoen, eta hori ez da oraindik gertatu.

Zehazki, URA-Uraren Euskal Agentziak espedientea iraungitzat jo zuen, eta ez daude jasota, halaber, Euskal Trenbide Sarearen (ETS), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaren (AESA), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren eta Osalanen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) baimenak. Sustatzaileak ere ez du Udal Diruzaintzan utzi 380.952,86 euroko fidantza, hondakinen kudeaketa egokia bermatzeko.

Jarduera-eremuak 35.235,11 metro koadro hartzen ditu, eta sei eremutan banatzen da, bakoitza bere higiezinekin edo eraikuntza-multzoekin. Udaleko teknikariek egiaztatu dutenez, zonalde bateko elementuak eraitsi dira.

ERRESPETUA ETA ZEHAPENA

"Ez dugu horrelako portaerarik onartuko legetik kanpo. Barakaldoko bizilagunek errespetua merezi dute. Partikular bati bere etxebizitzan erreforma txiki bat egiteko lizentzia izatea eskatzen badiogu, enpresa bati eskakizun-maila bera eskatu behar diogu ", azpimarratu du Juan Antonio Pizarrok.

Obrak geldiarazteaz gain, Etxebizitza, Hirigintza Plangintza eta Kudeaketa Arloak dagokion zehapen-espedientea irekiko du obrak dagokion lizentziarik gabe egiteagatik.