Autoridad Portuaria de Pasaia

12/20/2022 | News release | Distributed by Public on 12/20/2022 05:08

Sobrinos de Manuel Camarari balio anitzeko terminal bat ustiatzeko 30.000 m2-ko partzela bat ematea onartu da

  • Portu Agintaritzak Lezoko kai bat 30 urtez ustiatzeko baimena eman dio enpresari, eta bertan milioi bat euro baino gehiago inbertituko ditu 4.500 m2-ko biltegi bat eraikitzeko.
  • Mugarri garrantzitsua da kaia suspertzeko Portuaren plan estrategikoaren barruan, 23 milioi euro inguru bideratuko baitira 2024tik 2027ra bitartean irisgarritasuna hobetzeko.

Pasaiako Portu Agintaritzak, 2022ko urriaren 21eko Administrazio Kontseiluan, Lezoko dartsenan guztira 28.788 m2-ko eremua ematea onartu zuen, terminal balioaniztun berri bat ustiatzeko.

Zehazki, Sobrinos de Manuel Cámara, S.A. enpresa, ArcelorMittalek eta BERGÉk %50eko partaidetza duten enpresa, izan da portu-espazio horren emakidaren esleipenduna, eta bertan inbertituko du hainbat jardueratan, hala nola 4.500 m2-ko biltegi berri bat eraikitzeko, batez ere produktu siderurgikoak biltegiratzeko erabiliko dena.

«Mugarri garrantzitsua da Gipuzkoako dartsenaren plangintzaren barruan; izan ere, 30.000 m2-ko emakida emango da datozen 30 urteetarako, eta horrek bermatzen du Pasaiako Portuko bezero garrantzitsuenetako baten jarduna», azpimarratu du Joakin Telleriak, Portuko Agintaritzako presidenteak.

Emakidadun berriak 1.175.000 euroko inbertsioak aurreikusi ditu guztira, eta horrek operadoreak Pasaiaren alde egindako apustu garrantzitsua suposatzen du.

Gainera, inbertsioa Portu Agintaritzak berak Lezoko dartsenarako sarbidea hobetzeko aurreikusitakoei gehitzen zaio. Guztira, 23 milioi euro, 2024 eta 2027 urteen artean itsasontziak eta ontzi handiagoak ere portuko eremu horretara errazago iristeko.

Etorkizuneko gune berritu bat

Emakidaren xede den kaia Iberdrolako zentral termikoaren eta Lezoko ikatz-landaren kokaleku zaharrean dago.

Portu Agintaritzak, instalazio horren jarduera eten zenetik, erabat berritu du espazio hori, eta gaur egun erreferentziazko kaia da, metro koadroko 20 tona trafikoko edukiera duen zoladura berritua duelako.

Kai mota honetako gainerako ohiko instalazioei euri-urak tratatzeko instalazio berria gehitu behar zaie, laster egingo dena. Instalazio horri esker, gutxienez kaiko uren %80 tratatu ahal izango dira eta badiara egiten diren isurketen kontrol egokia bermatu ahal izango da.

Sobrinos de Manuel Camara emakidadun berriak, obrak gehienez ere zortzi hilabeteko epean hasiko ditu, eta obrak hasi eta gehienez ere hamabi hilabeteko epean amaituta egon beharko dute.

Horrela, Sobrinos de Manuel Camarak Pasaian duen presentzia indartuko du. Bertan, baliabide tekniko eta profesional handiak ditu mota guztietako merkantzien kudeaketa logistikorako eta kontsignazio, karga/deskarga, aduana-kudeaketa eta biltegiratze zerbitzuak eskaintzen ditu. Guztira, 1,4 milioi tona kudeatu dira urtean, segurtasun eta osasun, kalitate eta ingurumen estandar altuenak betez.