10/31/2022 | News release | Distributed by Public on 10/31/2022 05:09
- SASOI ERAIKUNTZAKi esleitu berri zaion obra 2022ko abenduan hasi eta 2023an amaituko da, eta, ondorioz, 7.000 m2-ko espazio urbanizatu berri bat lortuko da herritarren gozamenerako.
- Guztira, 1,2 milioi euro inguru inbertituko dira Trintxerpe eta Herreraren arteko lotura biziberritzeko, Portu Agintaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker.
Pasaiako Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, portuko instalazioetan dauden Herrera Mendebaldeko biltegien estalkiaren urbanizazioa esleitu du.
Biltegiek funtzio bikoitza betetzen dute; izan ere, eremuaren orografia aprobetxatuz, portu-instalazio gisa balio dute, eta, aldi berean, espazio publikoan azalera berri bat sortzen dute. Portu eremutik biltegietara iristea erraza da ibilgailuentzat, eta hauen estalkia oinezkoentzako igarobide gisa geratzen da José Elosegi Alkatea etorbidearen parean.
SASOI ERAIKUNTZAK S.L. enpresa izan da obra honen esleipendun. Obra honek itxitzat emango du Herrera eta Trintxerpe auzoak parke baten bidez lotzea ekarri duen hiri-jarduketa, eta orain 7.000 m2-ko plaza handi bat gehituko zaio, herritarren gozamenerako.
Plaza eta haurrentzako parkea estalkian
Zehazki, fase berri honek galtzada-harrizko plaza bat eraikitzea planteatzen du, igarobide gisa balioko duena, erdiko parterre handi batekin. Pergola lorategidunez osatutako egitura batek inguratzen du plaza; horiek, itzalpeko egonaldi-gune bat sortuko dute, eta, aldi berean, hirigunearen eta portuaren artean pantaila gisa balioko dute.
"Proiektu hau txertatuko den parke publikoak oso paper garrantzitsua garatu zuen Trintxerpe eta Herrera arteko oinezkoen komunikazioan. Beraz, proiektu honen helburua komunikazio hori osatzea zen, proiektatutako espazioaren eta aldameneko parkearen artean hiru lotura-puntu sortuz, funtzionaltasun handiagoa eskaintzeko", azaldu du Joakin Telleriak, Pasaiako Portuko Agintaritzako Lehendakariak.
Herrerako sarbidetik gertu, eta zelai zirkularraren ondoan, haurrentzako jolasgune bat proiektatu da. Gainera, hirigintza-jarduketak berekin dakar etorkizunean komun automatiko bat eta kiosko bat kokatzeko behar diren instalazioak prestatzea.
Bigarren fase batean, eremu estali edo aterpea eta 450 pertsona hartzeko lekua izango duen espazio osagarria proposatu dira.
Obra horiekin, 2016an hasi zen proiektu bat amaituko da, Herrerako tren-geltokia eta Trintxerpe lotzen dituen oinezkoentzako ibilbidea eraikiz hasi zena, 2019an ale-biltegirako nabeak eraikiz jarraitu zuena, eta estalkian zelaigune berri honekin amaituko dena.
Azken jarduketa honetarako 1,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da espazio hau urbanizatzeko, Portu Agintaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta.
Behin lanak amaituta, Pasaiako Udala arduratuko da espazio hori mantentzeaz, Portu Agintaritzaren eta Udalaren artean lortutako akordioari jarraiki.