Autoridad Portuaria de Pasaia

11/29/2022 | News release | Distributed by Public on 11/29/2022 06:36

Portu Agintaritzak 23 milioi euro inbertituko ditu Lezoko kaia handitzeko

  • AZTI zentro teknologikoari esleitu dizkio materialak karakterizatzeko lan teknikoak, 2024tik 2027ra bitartean aurreikusitako handitze-proiektuei ekiteko lehen urratsa.
  • Obrek egungo ontzientzako kanaleko nabigagarritasuna hobetzeko balioko dute, bai eta ontzi handiagoei eta sakonagoei sartzen uzteko ere.

Pasaiako Portu Agintaritzak, bere Inbertsio Planean aurreikusi bezala, 2023tik 2027ra bitartean 23 milioi euro inguru inbertituko ditu Lezoko dartsenako kanala eta Buenavista kaiko sakonera handitzeko, kanaleko nabigagarritasuna hobetzeko eta tamaina handiagoko merkataritza-ontzien operatiba ahalbidetzeko.

Prozesu hori beharrezko proiektuak lantzean hasten da, eta proiektu horiek dragatu beharreko itsas-zoruaren karakterizazio-lanekin hasten dira. Horretarako, lehen urratsa egin du AZTI euskal zentro teknologikoari materialak karakterizatzeko lanetan laguntza teknikoa lehiaketa bidez esleituta.

AZTIko teknikariek karakterizazio hori egin ondoren, Portu Agintaritzak beharrezko txostenak izapidetuko ditu 2024tik 2027ra aurreikusitako handitze-obrak egin ahal izateko.

"Analisietan oinarrituta, dagokion ingurumen-tramitazioa egin ahal izango dugu, eta karakterizatutako materialak kudeatzeko edo isurtzeko prozedura zein den zehaztuko da, dragatutako materialak birkokatzeko lekuaren arabera eta, betiere, dragatzeari eta lurzoruaren kalitateari buruzko indarreko arauekin bat etorriz" azaldu du David Candelario Pasaiako Portuko Agintaritzaren Zuzendariak.

Gainera, Pasaiako portuko beste eremu batzuk karakterizatzeko aprobetxatuko da, etorkizunean mantentze-dragatzeak egin ahal izateko.

"Analisiei esker, aurreikusitako portuko obren barruan dragatzeko beharrezkoak diren lanak definitu ahal izango ditugu. Era berean, sakonera mantentzeko jarduketak egingo ditugu portuaren kai nagusietan", gaineratu du David Candelariok.

Lezoko operatiba hobetzea

Obra hauen bidez, Portu Agintaritzak kanaleko nabigagarritasuna hobetu nahi du egungo ontzientzat, eta ontzi handiagoak eta sakonagoak Lezoko dartsenara sartzea ahalbidetu.

Portu Agintaritzaren Zuzendariak nabarmendu duenez, "Lezoko dartsenaren egungo konfigurazioak bertan lan egiten duten itsasontzien luzera mugatzen du, baina konfigurazio berriarekin sakonera eta maniobra-eremua handituko dira. Horri esker, Lezoko dartsenan eta Kaputxinoseko kaian hobeto lan egin ahal izango da, portuko eremu horrek ahalmen operatibo handiagoa izan dezan".

Pasaiako Portuak aurreikusten dituen eraikuntza-proiektu berrien artean daude, Buenavistako kaian sakonera handitzeko lanak eta Lezoko dartsena handitzea.