Ayuntamiento de Barakaldo

04/02/2024 | Press release | Distributed by Public on 04/03/2024 00:28

Barakaldok elkarretaratzea egingo du bihar Herriko Plazan emakume batek jasandako eraso sexista gaitzesteko

2024/04/02

Barakaldok elkarretaratzea egingo du bihar Herriko Plazan emakume batek jasandako eraso sexista gaitzesteko

Erasotako emakumeak Erantzun Publikorako Protokoloa aktibatzeko baimena jaso ondoren, gaitzespen-kontzentrazio bat programatu da 12:00etan.

Barakaldoko Udalak gaitzetsi egin du Barakaldon jasandako azken eraso sexista. Gaur goizean, erasoa jasan duen emakumeak Erantzun Publikorako Protokoloa aktibatzeko baimena jaso ondoren, Erasoen aurkako Mahaiari jakinarazi zaio, eta, protokolo berari jarraituz, elkarretaratzea deitu da bihar, asteazkena, apirilaren 3an, 12:00etan, gaitzesteko.

Gertaera ostiralean izan zen, 12:00etan, emakumea Lasesarre inguruan aparkatuta zegoen ibilgailu baten barruan zegoela, eta gizonezko batek eraso egin zion leihatilatik, bularra ukituta. Udalak, Emakumearen Sailaren bitartez, eskura dituen baliabide guztiak eskaini dizkio erasotuari (arreta psikologikoa, laguntza juridikoa...).

Erasoen aurkako Mahaia hiriko elkarte feministek, emakume-taldeek, LGTBIQ+ kolektiboak, Udaltzaingoa-Ertzaintzak, Emakumearen Arloko berdintasun-teknikariak eta udaleko alderdi politikoek osatzen dute. Kasu honetan, Erantzun Publikorako Protokoloari jarraituz, gaitzespen-elkarretaratzea deitu da Herriko Plazan. Udalak gaitzespen-ekitaldi horrekin bat egitera gonbidatu ditu herritarrak, Barakaldok inolako sexu-erasorik onartzen ez duela argi uzteko.

BARAKALDOKO UDALAREN ADIERAZPENA BARAKALDON GERTATUTAKO INDARKERIA MATXISTAREN KASUAGATIK

Barakaldoko Udaleko alderdi politikoek hau adierazten dugu:

  1. Barakaldoko Udalak erabat gaitzetsi nahi ditu gure udalerrian gertatutako indarkeria matxistaren kasua. Hala, gure babes osoa adierazi nahi diegu erasotako pertsonari eta haren esku jartzen ditugu une hauetan behar ditzaketen udal baliabideak.
  2. Barakaldoko Udaletik, halaber, gogorarazi nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria ez ezik lehen mailako arazo soziala ere badela; izan ere, jasaten eta aurre egin behar izaten dioten emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da. Indarkeria matxista kasuak ez dira gertaera isolatuak; aitzitik, balio eta jokabide jakin batzuen babesean sortzen dira, hain zuzen ere emakumeak gizonen mende bizi behar duten ideian eta emakumeei gizartean zenbait adierazpen eta portaera zigortu behar zaizkien ideian sustraitzen den sisteman oinarritutako jokabide eta balioen babesean. Hori horrela izanda, Barakaldoko Udaletik argi eta gari utzi nahi dugu erabat gaitzesten dugula edozein indarkeria matxista mota.
  3. Barakaldoko Udala, erakunde publiko gisa, konprometituta dago lanean segitzera indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek giza eskubideak oso-osorik bermatuta izan ditzaten. Horretarako, udalerriko hiritar guztien berdintasun osoa ahalbidetuko duten politikak bultzatuko ditu.
  4. Horregatik guztiagatik, Barakaldoko Udalak dei egiten du 2024ko apirilaren 3an, 12:00etan, Herriko Plazan, indarkeria matxistako ekintza horren aurka ager daitezen. Indarkeria matxistaren aurka modu aktiboan parte hartzera animatzen dugu, udalerria osatzen dugun pertsona guztien artean indarkeria matxistarik gabeko Barakaldo eraikitzeko aukera izan dezagun.

Barakaldo, 2024ko Apirilaren 2a